Alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko eskatu du PSE-EEk

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 17a, 09:32

Eusko Jaurlaritzaren dekretu berrian ezarritako baldintzetan oinarrituta, jenderik gabeko etxebizitzak deklaratzeko espedienteak has ditzala eskatu dio Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak udal gobernuari.

Villabonako PSE-EEren udal taldeak EH Bilduren udal gobernuari eskatu dio etxebizitzaren arloan jardun dezala, herrian alokairuko etxebizitzen eskaintza handitzeko, eta horretarako,  galdegin dio has ditzala jenderik gabeko etxebizitzak deklaratzeko espedienteak, Eusko Jaurlaritzaren dekretu berrian ezarritako baldintzetan oinarrituta. Talde sozialistak proposatu du etxebizitza horiei m2-ko 10 euroko kanona aplikatzeko, egungo errekargua baino zehatzagoa baita.

Ohar batean, Maria Luisa Arija PSE-EEko udal taldeko bozeramaileak esan du neurri horren helburua ez dela "dirua biltzea", baizik eta jabeek etxebizitza horiek alokairuaren merkatuan jartzea, dela modu librean, dela Eusko Jaurlaritzaren Bizilagun programaren bidez, zeinaren bidez OHZren % 50eko hobaria lortuko bailukete etxejabeek. Eskaera irailaren 14an egin zuen Arijak Tokiko Gobernu Batzordean.

Etxebideren datuen arabera, 273 etxebizitza-eskatzaile daude Amasa-Villabonan; horietatik 223k alokairuko etxebizitza eskatzen dute eta 50ek erosketakoa. Hau da, eskatzaileen % 81,69k alokairua aukeratzen dute, gero eta zailagoa delako alokairu libreko etxebizitzak eskuratzea. "Horregatik, gero eta jende gehiagok ematen du izena Etxebiden, etxebizitza duin bat eskuratzeko", esan du Arijak. Gaur egun, "benetako arazoa" da bizilagun askorentzat, eta ez soilik bizi-proiektua hasi nahi duten gazteentzat.

Azkenik, Iñaki Arriola sailburuak zuzentzen duen etxebizitza saila Eusko Jaurlaritzatik egiten ari den kudeaketari balioa eman dio zinegotzi sozialistak, Espainian egiten den babes ofizialeko etxebizitzaren % 20 Euskal Autonomi Erkidegoan sustatuz. "Hala ere, besteen gainetik gauden arren, ez da domina jartzeko modukoa, eskaera gehiago dagoelako eta, beraz, gehiago egin behar delako, etxebizitza parke publiko indartsua eta denboran zehar mantendua lortzeko", gaineratu du Arijak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!