Irrintzi elkarteak azoka berezia egingo du larunbatean

Ataria 2021eko irailaren 16a

Larunbatean Errebote plazan egingo dituzte azoka berezia eta isats gisatu lehiaketa.

Amasa-Villabonako Irrintzi elkarteak XXVI. Azoka Berezia egingo du etzi Errebote plazan. 28 artisautza eta elikagai postu izango dira 09:30etik 14:00ak arte eta segurtasun neurriak betetzeko plaza hesituko dute eta gezien bidez noranzkoa adierazi.

Orain arte Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzaren azpialdean antolatu izan dute azoka, baina osasun egoeragatik ekimena Errebote plazara lekualdatu zuten iaz. Gaur egungo egoera ikusita, tokiari eustea erabaki dute Irrintzi elkarteko kideek. Ander Etxeberria Irrintziko idazkariak adierazi duenez, taberna ere jarriko dute plazan: «Pintxoak eta edariak emango ditugu, baina hori bai, bihar Labik kontrakorik esaten ez badu, eserita kontsumitu beharko da».

Euskal Herri osotik etorritako elikagai eta artisautza postuak bisitatu eta bertan erosketak egiteko aukera izango da azoka berezian. «Aragoitik eta Errioxatik etorritakoak ere izango dira», adierazi du Etxeberriak. Bide batez, ekoizle eta artisauek dena prest eduki dezaten elkarteko boluntarioek egiten duten lana eskertu nahi izan du Irrintzi elkarteko arduradunak.

Ohitura den bezala, aurten ere, isats gisatu lehiaketa egingo dute azokarekin batera. Aiztondo bailarako sei elkartek parte hartuko dute. «Dagoeneko isatsa banatu zaie elkarteei eta bakoitzak bere aldetik prestatuko du. Azken ukitua emango diote larunbatean Errebote plazan bertan». Besteak beste, Jabi Rivero sukaldariak egingo ditu epaimahaikide lanak eta etzi 13:30 aldera banatuko dituzte sariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!