Manipulazio estrategiak bere azken diskoan oinarrituta, kontzertua eskainiko du Juan Luis Perezek, Pettik (Bera, 1973) Villabonako Errebote plazan. Gaur bertan izango da, 19:30ean, eta sarrera doan izango da.
Kontzertuan Manipulazio estrategiak diskoaren abestiak bakarrik abestuko dituzu?
Kontzertuko kantu gehienak disko berrikoak dira, baina aurreko diskoetakoak badira; bateren bat. Disko berriak 11 kantu dauzka eta kontzertuan uste dut bederatzi sartzen ditugula. Printzipioz, azkeneko diskoarekin osatzen dugu kontzertua.
Urte eta erdi bada diskoa atera zenuela. Iazko martxoaren 15ean aurkeztu behar zenuten diskoa, baina egun bat lehenago konfinamendua iritsi zen.
Azkenean ezin izan genuen pentsatutako egunean aurkeztu, hantxe geratu zen biltegi batean. Nik ere ez nuen ikusi urtea pasa arte. Bilbon aurkeztu behar genuen, baina dena itxi zenez, urtebete beranduago aurkeztu behar izan genuen. Baina geroztik kontzertu pila egin ditugu eta nahiko ondo doa, bai.
Eskaintzen ari zaren emanaldiak, oraindik, diskoaren aurkezpena badirela esan daiteke?
Bai, oraindik diskoa aurkezten ari gara. Kontzertuak formatu ezberdinetan egiten ditugu. Ahal dugunean txeloa eta pianoarekin aurkezten ditugu, beste batzuetan hari laukotearekin, eta beste batzuetan laukote moduan jotzen dugu. Kantu hauek hobekien aurkezteko hari laukotearekin eta diskoan grabatuta dauden bezala da, eta horrelakoak ez ditugu asko egin, egia erran. Villabonan txeloa eta pianoarekin izango da.
Zein izango dira txelo jotzailea eta piano jotzailea?
Juantxo Zeberio dago pianoan eta txeloan Alejandro Saul Martinez. Joseba Irazoki gitarran, Iñigo eta Igor Telletxea bateria eta baxuan, eta ni gitarra eta bozetan ariko gara.
Asko aldatzen da kontzertuaren estiloa oholtza gainean dagoen formatuaren arabera?
Gehienbat egiten duguna da diskoaren kantu akustikoak edo lasaienak hasieran egin eta kontzertua bukatzerakoan kantu elektrikoagoak, bai aurreko diskoetakoak zein disko berriko gogorrenak edo rockeroenak. Orduan kontzertua in crescendo doa, kantu lasaiekin hasi eta rockero bukatuz. Ez da gehiegi aldatzen. Aldatzen dena da hari laukotearekin jotzen dugunean orkestrazio kutsua hartzen dutela abestiek, eta ez da pianoa eta txeloarekin bezala entzutea. Baina batzuetan sartzen ditugu bertsio batzuk, lekuaren arabera. Antzokia txikia bada saiatzen gara akustikoak aprobetxatzen eta kanpoan bada bertsio pixka bat rockeroagoak egiten ditugu. Zerbait aldatzen da, baina oinarria disko berriko kantuak dira, eta gero aldatzen direnak kantu zaharrak eta bertsioak dira.
Disko berria Noam Chomsky pentsalariaren idatzietatik kaleratu zen dekalogo batean oinarrituta dago. Garbi zenuen horrelako diskoa atera nahi zenuela, gaiaren aldetik?
Bizi dugun egoera ikusita, gauzak nola dauden ikusita, zer egiten diguten kritikatzea zen asmoa, nola manipulatzen gaituzten. Ezagutu nuen Chomskyk eta Sylvain Timsitek egindako dekalogo hori, eta ikusi nuen diskoa egiteko aukera polita zela. Azken finean, hamar estrategia ziren eta bakoitzarekin kantu bat egitea zen asmoa. Harkaitz Canori komentatu nion, eta bera prest zegoen estrategia horiek bere terrenora eraman eta bere ukitua emanez berridazteko. Harkaitzek hartu zituen eta estrategia horiek poetizatu zituen, eta orokorrean oso polita geratu zen diskoa.
Ondoren musika jartzeko unea iritsi zen, eta hor kantu bakoitzari musika estilo bat jarri zenion.
Hitzak edozein lekura eraman ahal zintuen, eta gehien kostatu zitzaidana izan zen zein kantu aukeratu elektrikoa izateko, zein akustikoa izan, nondik nora eraman eta zer kolore jarri bakoitzari.
Adibidez aukeratutako estiloetako bat bossa nova izan zen. Lehenengo aldia al zen estilo horretan osatzen zenuela abesti bat?
Bai, hala da. Gitarrarekin gauzak probatzen ari nintzela, gitarra riff bat atera zitzaidan eta gero instrumentatu genuenean konturatu ginen nahiko ondo geratzen zela. Gainera, Maite Larburuk laguntzen du bozarekin, eta egia erran nahiko kantu kuriosoa geratu zen.
Estilo ezberdinak sartzearen ahalegina hor dago, baina ikusten dena da letrek sekulako garrantzia dutela, mezu bat igorri nahi duzula diskoarekin.
Hitzak diskoaren erdia edo gehiago dira, bai. Mezu bat bidaltzea zen kontua, eta kantu guztiek mezu bat bidaltzen dute. Hor dago manipulazio estrategien kontua. Batzuek sare sozialetaz hitz egiten dute, adibidez. Mezu horiek ironiarekin, poesiarekin idatzita daude, Harkaitz Canoren bidetik hartuta.
Eta nola ari da funtzionatzen diskoa salmentei dagokionez, zein entzuleen aurrera eramaterakoan?
Ba hagitz ongi. Bai salmentetan eta bai entzuleen erantzuna hagitz ona izan da. Egia da jendeak sekulako gogoa duela, ez digutenez utzi ez kontzertuetara joaten ezta antzokietara ere, publikoak gogotsu hartzen du kontzertua. Baina egia erran, diskoa hagitz ongi joan da, baita saldu ere; bigarren tirada bat atera behar izan behar dugu. Zart Kolektiboak atera du diskoa.
Gaur egun musikak, batez ere salmentari dagokionez, ez ditu bere garai onenak bizi. Beraz nabarmentzekoa da gustura egotea diskoaren salmentarekin.
Bai, baina egia erran guretzat oso arraroa izan da urte osoa. Diskoa grabatu genuenetik, jotzen ari garenean ere arraroa da. Jendea eserita dago, eta dena berezia eta berria da. Egia da diskoak ez direla saltzen, baina honekin gauza arraro bat gertatu da: saldu da eta saltzen segitzen du. Orain zuzenekoetan ere saltzen ditugu, eta jendeak kontzertuan egon ondoren, gustuko duenak, hortxe bertan aukera du erosteko, eta nabari da jendea gustura hartzen ari dela.
Diskoak eskualdeko partaidetza du: Juantxo Zeberio piano jotzaileak eta Et Incarnatus Orkestrak parte hartu dute, gainera Bonberenean grabatutakoa da.
Disko erdia, kantu akustikoak, Bonberenean grabatuta daude Karlos Osinagarekin. Tolosaldekoak, Juantxo Zeberioz gain, bere arreba Miren Zeberio biolin jotzaileak eta Migel Zeberiok Et Incarnatus Orkestrako zuzendari gisa parte hartu zuten grabazioan. Alejandro txelo jotzailea berez kubatarra da, baina Tolosan bizi izan zen. Kantu elektrikoak Berako Atala estudioan grabatu genituen. Kantu elektrikoak talde guztiak batera jotzen grabatu nahi genituen, analogikoan, lehen grabatzen zen bezala, zinta bobinarekin. Tolosan dena batera grabatzea zailagoa zen, eta erabaki genuen digitalki grabatzea.
Zure disko biribilena dela esango zenuke?
Bai, azkenean denborarekin ikasten zoaz, eta lan guztiak bezala, gero eta urte gehiago pasa, gehiago ikasten duzu eta hobetzen zoaz, nire ustez. Gainera, lan pila bat egin dugu; diskoa prestatzen hasi ginenetik atera arte ia bi urte pasa zirelako, eta atera nahi izan genuenean ezin izan genuen atera. Biribilena da, bai hitzengatik, bai ekoizpenengatik, nire ustez soinuarengatik ere bai, eta kantuekin hagitz pozik geratu naiz, eta nire ustez osoena eta biribilena izan da, ziur aski.
Lehen aipatu duzun moduan, kontzertuak aldatu egin dira, jendea eserita dagoelako eta maskararekin. Nola bizi duzu honako egoera?
Arraroa egiten da zentzu batean, baina beste batean hobea da guretzat: kantu akustikoetan, adibidez, jendea entzuten egon behar denean, edo dantzagarriak ez diren kantuak jotzeko, hobea da jendea eserita egotea, aurrean. Honela kasu gehiago egiten diete kantuei, barran edaten baino. Baina kantu elektrikoetan, dantzagarriagoak direnetan, pena ematen du jendeak ezin duela zutik egon, saltoka, dantzan egin gabe egoteak pena ematen du. Azkenean pasako da, dena bezala, eta espero dugu lehenbailehen lehenagoko martxa hartzeko aukera izatea.
Kontzertuekin mugimendua izaten ari zarela diozu. Nola doa 2021 urtea?
Ondo doa, pentsatzen genuena baino hobeto azkenean. Formatu ezberdinetan aritzen naizenez, tartean banaka ere, lekuaren arabera edo jendearen arabera, kontzertu ezberdinak egiteko aukera daukat. Beraz, nik ez dut arazorik izan. Badira beste batzuk askoz ere okerrago ibili direnak eta urte osoa galdu dutenak, eta ezin izan dutenak batere jo. Ni ezin naiz kexatu alde horretatik. Orain, urtearen bukaeran, irailean adibidez, zazpi edo zortzi kontzertu ditugu, eta nahiko ondo. Gero urrian eta abenduan baten bat ere badago, eta ni, esan bezala, ezin naiz kexatu.
Halere, orokorrean, kulturak eta sortzaileek sekulako kolpea izan duzue, batez ere aurreko urtean. Nolako etorkizuna ikusten duzu?
Euskal Herrian kultura beti egon da krisian , orduan ezin dugu jakin. Ni behintzat lanean hasi naiz, eta ez dut etorkizun gehiegirik ikusten musikarekin. Ikusiko dugu, ahal duguna egingo dugu, baina orain bertze etapa batean sartu behar, eta lehen musikak lehentasuna baldin bazuen, orain bigarren plano batean dago: lehenengo lan bat egiten duzu eta gero musika ahal denean. Jarraituko dugu horrekin, baina printzipioz nahiko gaizki dago kontua bai.
21 urte pasa dira lehen diskoa atera zenuenetik, eta azkenekoa hamahirugarrena da. Bada zerbait.
Gustatuko litzaidake 21 urte hauetan 21 disko atera ahal izatea, baina azkenean gauzak ezin dira nahi dituzun bezala egin. Baina ez da hainbeste egin duzun kantitatea, baizik egindakoaren kalitatea. Ikasi duzun edo ez, urte guzti hauetan nahi zenuena egiten. Nire ustez hori nabaria da diskoetan eta baita zuzenekoetan ere. Uste dut denborarekin ikasi dudala, eta ondoan ditudan musikari guztiek lagundu didate horretan: ondoan sekulako musikariak izan ditut eta hori guztia orain nabaritzen da. Azkenean, elkarrekin jotzearen kontua ere nabari da. Urte aunitz elkarrekin jotzean, kontzertuek beste xarma bat hartzen dute, lasaitasuna dugu jotzeko orduan, eta hori ikusleak ere nabaritzen du.
Aurrera begira beste diskoren bat osatzeko asmoa duzu?
Printzipioz disko honek nire azkena izan behar zuen. Horrela egin nuen, eta horregatik egin nuen zertxobait disko potoloagoa, jende aunitzekin eta besteak baino gehiago landuta. Ziur aski azkeneko diskoa izango da, baina oraindik ez dakit. Gauzak ez badira gehiegi aldatzen, diskorik ez dut behintzat gehiago eginen. Ikusiko dugu nola doan kontua, baina gauzak dauden moduan ez du merezi, lehen aipatu bezala disko bat saltzea hagitz zaila baita, plataformekin, sare sozialekin-eta... Autoek ez dute CDa eramaten, eta horrek dena uzten du agerian. Kontu digitalarekin dena aldatzen ari da, eta disko bat ateratzea hagitz arriskutsua da eta ez du zentzu gehiegirik. Hemendik aurrera gauzak nola doazen ikusita erabakiko dugu.