146 eguzki panel ezarriko dituzte argindar autokontsumorako

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 15a, 19:59

Villabonako udaletxeko teilatuan 26 panel fotovoltaiko jarriko dituzte eta udal pilotalekuko teilatuan 120. Proiektu honekin 60 MWh sortuko dituzte urtean, udal jabetzako eraikinen kontsumoaren zati bat asetzeko.

Eguzki energia berriztagarriaren sorkuntzarako panel fotovoltaikoak ezarriko dituzte Villabonako udaletxeko eta Villabonako udal pilotalekuko teilatuetan. Amasa-Villabonako Udalak larrialdi klimatikoari aurre egiteko ezinbestekoa den energia trantsizioa garatzeko  konpromisoan, datozen hilabeteetan beste aurrera urrats garrantzitsu bat emango dutela jakinarazi du. Irailaren 14an egindako Tokiko Gobernu Batzordearen bilkuran, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin onartu dute proiektua.

Inbertsio honek kutsadura atmosferikoa eta berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzea ekarriko du. Proiektu honen bidez, 60 MWh inguru sortuko dira urtean, udal jabetzako eraikinen kontsumo osoa (800 MWh) asetzetik urrun badago ere, udal ordezkarien esanetan, lehen pauso bat izango da autohornikuntzara bidean. Aldi berean, instalazio honek herritarren energia komunitateak sustatzeko bidean eredugarria izan beharko lukeela adierazi dute. 

Ezarriko diren eguzki panel berri hauek Villabonan dauden hainbat eraikin publiko hornituko dira: udaletxea, Arroa auzoko Fleming herri eskola, kultur etxea eta musika eskola, Villabonako udal pilotalekua, Gurea antzokia, Seaska haur eskola eta Salbadora erretiratuen elkartea. Eraikin guzti hauen energia (200 MWh) kontsumoaren %30 ase ahal izango da proiektu honen bidez.

Guztira, 146 panel fotovoltaiko ezarriko dira: udaletxeko teilatuan 26 eta Villabonako udal pilotalekuan beste 120. Panel guzti hauek 58,4 kWp-ko potentzia instalatua dute eta, urtean, 61.411,29 kWh–ko energia sortuko dutela aurreikusten da. Udalak energia horren ia %87a bere autokontsumorako erabiliko du eta soberakina energia-sare orokorrean txertatuko da.

"Azpimarratzekoa da proiektu honek aldaketa klimatikoari eta planetaren beroketa globalari aurre egiten lagunduko duela, atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasak murriztuko baitira. Zehazki urtean 21,923 tona CO2 emisio saihestuko direla aurreikusten da", aipatu du Amasa-Villabonako Udalak.

Guztira 71.908 euro bideratuko ditu udalak egitasmo hau gauzatzera. Horietatik, 5.687 euro ingeniaritza lanetara bideratu dira eta beste 66.221 euro plaken hornidura eta instalaziora. Dena den, udalak beste erakunde publikoetatik diru laguntza garrantzitsuak lortu ditu: Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 12.750 euro eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 26.808 euro.

Udalak "poztasuna" adierazi du hilabete gutxitan egitasmoa hau errealitate bilakatuko delako. Gainera, udal gobernuak etorkizunean  ingurumena zaintzen jarraitzeko, larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta energia trantsizioan urrats berriak emateko konpromisoan berretsi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!