Elkarrizketa

"Bikotekideak begirada batekin nabaritzen du zer nahi dudan"

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 10a, 11:59
Argazkia: S. OCARIZ

Ander Lizarralde billabonatarra jarraipena ematen ari zaio txikitatik sortutako afizioari. Bikotekidearekin batera, hiru minutu izaten ditu egokitzen zaien behiaren adarretan uztaiak sartzeko. Udan, hiru txapelketa irabazi dituzte.

Urteko garai honetan, asteburuetan, Nafarroa hegoaldera eta Aragoi aldera (Espainia) joaten da Ander Lizarralde (Villabona, 1995). Behi suharrei izkin eginez adarretan uztaiak jartzen zaizkien txapelketetan aritzen da, eta ondo moldatzen da, gainera. Haren ohiko bikotekidea Joanes Balentziaga azkoitiarra da, baina haren lesio bat tarteko, uda honetako zenbait txapelketatan Xabier Iturralde azpeitiarrarekin aritu da. Hiru txapelketa irabazi dituzte: Escatrongoa (Aragoi, Espainia), Martzillakoa (Nafarroa) eta Mallengoa (Aragoi, Espainia).

Nola hasi zinen izkingile moduan?

Gaztetan hasi ginen, herriz herri, txahal txikiekin, Gorritik eramaten zituenekin. Herriko plazan ikusten nituen, eta, azkenean, tentatu, deitzen hasi, plaza barrura sartu eta korrika pixka bat eginez, har hori sartuz joan zitzaidan. Baina, txapelketetan ari naizela, sei-zazpi urte izango dira.

Hasieran zezen txikiekin, eta gero pixkanaka handiekin. Herrian bertan edo inguruan?

Villabonan bertan izaten da festetan sokamuturra, pandemia dela-eta azken bi urteetan egin ez bada ere. Eta gero, Tolosan, inauterietan, gertu dagoelako. Hor eman genituen lehen pausoak: zenbat eta handiagoa, orduan eta arrisku handiagoa. Gipuzkoan, sokamuturra izaten da beste hainbat herritan ere; Azpeitian eta Bergaran, adibidez. Pasaian ere izaten dira, sanferminetan; Hernanin ere bai. Baina Nafarroara joaten hasi ginenean serioagoa bihurtzen hasi zen, txapelketan-eta parte hartzen hasi bainintzen.

Nolatan erabaki zenuen Nafarroara joatea?

Hemen jolasean aritzen ginen, ea nork gehiago egin. Lehiatzeko tentazioa iritsi zen, aukerak eman zizkidaten, eta gero eta gehiago sartu nintzen. Entrenatzen ere hasi ginen, eta gaurdaino: hor jarraitzen dugu.

Gipuzkoan adarrak larruz bilduta daude, baina Nafarroan bistan egoten dira.

Salto handienetakoa da hori. Gu hemen ohituta gaude adarrak tapatuta izaten, eta horrek lasaitasun puntu bat ematen du. Gero, hara joaten zarenean, konturatzen zara aberia handiagoa egin dezaketela harrapatuz gero. Oraindik ere errespetu handia ematen digu, baina hortxe gabiltza.

Zu uztaiak jartzeko txapelketetan aritzen zara, baina badago beste modalitate nagusi bat.

Bai, izkin egite librea. Pixka bat artistikoagoa da, eta izkin egiteak eta saltoak egiten dira. Hori banaka egiten da, puntuazioa ematen zaio bakoitzari, eta puntu gehien lortzen duenak irabazten du. Gu binaka ateratzen gara, eta hiru minutu izaten ditugu. Hasi aurretik egiten den zozketan, bikote bakoitzari behi bat egokitzen zaio, eta adarretan uztai gehien sartzen dituenak irabazten du.

Ez duzu parte hartzen izkin egite libreko txapelketan?

Hasieran, gazteagotan, ez nekienean zer aldetara jo. Egin nituen txapelketa batzuk, baina gerora uztai txapelketan zentratu nintzen, eta hortik jarraitu dut.

Bikoteka egiten da uztai txapelketa. Garrantzia izango du bestearekin izaten den elkar ulertzeak.

Bai, noski. Azkenekoak Xabirekin [Iturralde] egin ditut, baina txapelketa gehienak Joanesekin [Balentziaga] egiten ditut. Lagunak gara, eta, horregatik, hobeto ulertzen dugu elkar. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin; gero, hori nabaritu egiten da zezen plazan. Zenbat eta denbora gehiago pasatu elkarrekin, orduan eta hobeto ulertzen dugu elkar.

Eta zertan laguntzen diozue elkarri, zehazki?

Batek izkin egiteko besteak behia kokatu behar du, eta, tokatzen denaren arabera, era batera edo bestera gustatzen zaizu behia jartzea. Nire betiko bikotekideak gure arteko begirada batekin nabaritzen du nola jartzea nahi dudan, edo segituan ulertzen du zer nahi dudan. Ezezagun batekin aterako banintz, posible litzateke kaos moduko bat izatea, edo builaka aritzea. Azkenean, hiru minutuko saioak izaten dira, eta konturatzerako pasatzen dira.

Uda honetan Iturralderekin parte hartzen ari zara, Balentziaga lesionatuta dagoelako.

Bost txapelketatan parte hartu dugu, eta, lehenengoan saririk lortu ez bagenuen ere, ikusi genuen gauzak ondo egin genitzakeela. Hurrengo lau txapelketetan hiru aldiz lehenengo geratu gara, eta, bestean, hirugarren. Ondo moldatu gara, beraz.

Garai honetan izaten al dira txapelketak?

Berez, ia urte guztian izaten dira txapelketak, baina, batez ere, abuztuan, irailean eta urriaren hasieran pilatzen dira. Aurten, urtero bezala doaz datak, baina herri askotan, festen kontuengatik-eta saiatu dira asteburu bat beranduago jartzen txapelketa, festekin ez bat egiteko.

Azkeneko Espainiako Txapelketa irabazi zenuen, Balentziagarekin, 2019an. Nolatan billabonatar bat eta azkoitiar bat txapeldun, tradizio handiagoa duten beste lurralde batzuetako izkingileen aurrean?

Pixka bat kuriosoa da, bai. Batez ere, Zaragoza [Espainia] aldekoak eta Nafarroa hegoaldekoak nabarmentzen dira uztai txapelketetan, eta txapelketa gehienak inguru horietan egiten dira. Badira 40 urte inguru Espainiako Txapelketa egiten dela; nafarrek irabazi izan dute, baina, haietaz aparte, gu izan gara lehen euskaldunak. Pixka bat harrituta geratu ziren. Baina berdin da nongoa zaren; gogo pixka bat jartzen baduzu, lor dezakezu.

Maila horretan ibiltzeko, entrenatu egiten zarete. Nola?

Hiru modu daude, orokorrean. Lehenengoa, fisikoa; garrantzitsua da, abiadura behar duzulako, batetik. Gainera, hiru minutu izan arren, oso leherkorra da, eta fisikoki ondo egon beharra dago. Bigarrenik, orgatxo moduko bat erabiltzen dugu, adar batzuekin, eta batek hartu eta zezenaren mugimenduak imitatzen ditu, eta besteak, uztaiak jarri. Eta, azkenik, ganadutegi batera joatea. Normalean, zezen plaza txiki bat izaten dute, behi batzuk botatzen dituzte entrenatzeko, eta hor aritzen gara. Itziarren [Deba] hiru ganadutegi daude, eta Mutrikun eta Bergaran ere badaude.

Zer ematen dizu adarren aurrean jartzeak?

Hobetze pertsonala. Ikusten duzu animalia batek zu harrapatu nahi zaituela, eta hari izkin egiteko nahiak adrenalina puntu bat ematen dizu. Txapelketetan lortutako sariek ere poza ematen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!