Villabonara eta Errenteriara joan dira Trikitilari Gazteen Zestoako X. Txapelketaren garaikur nagusiak. Atzo jokatu zen txapelketa, herriko plazan. Zazpi bikotek hartu zuten parte, eta puntu gehien batu zituzten hiru bikoteek izan zuten saria.
Maitane Iturriozentzat (Villabona, Gipuzkoa) eta Eider Amenabarrentzat (Errenteria, Gipuzkoa) izan zen lehen saria. Bigarren postuan sailkatu zen Irati Arzelusek (Lazkao, Gipuzkoa) eta Mirari Plazaolak (Arrasate, Gipuzkoa) osatutako bikotea. Txapelketaren hirugarren saria, berriz, eskualdeko bikote batek eskuratu zuen, Araitz Etxaniz azkoitiarrak eta Enaitz Alberdi azpeitiarrak osatutakoak. Zestoako sari berezia ere banatu zuten, herriko bikote onena nabarmentzen duena, eta Ane Urbietak eta Nerea Lopetegik jaso zuten hori.