Ander Lizarraldek Escatroneko eta Martzillako uztai txapelketak irabazi ditu

Ataria 2021eko abuztuaren 25a

Lizarralde eta Iturralde, Escatroneko Uztai TXapelketan, lortutako sariekin. (utzitakoa)

Billabonatarra Xabier Iturralde azpeitiarrarekin batera lehiatu da bi txapelketetan. Larunbatean irabazi zuten Escatronekoa eta atzo bertan Martzillan egindakoa.

Urola Kostako Hitza-k jaso duenez, joan den larunbatean, hilak 21, Escatroneko (Aragoi, Espainia) Uztai Txapelketan parte hartu zuten Xabier Iturralde azpeitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak, azken honek Joanes Balentziaga azkoitiarra ordezkatuz, eta behiari adarretan zortzi uztai sartuta, txapelketaren lehen postuan gelditu zen bikotea.

Hermanos Ozcoz ganadutegiko hamabi behi izan ziren Escatronen, eta hamabi bikotek parte hartu zuten bertan; 721 zenbakiko behiarekin lehiatu ziren Iturralde eta Lizarralde. Bigarren postuan gelditu zen bikoteak zazpi uztai sartzea lortu zituen, eta hirugarren bi bikote gelditu ziren behiari hiruna uztai sartuta.

Garaipenekin jarraitu dute Lizarraldek eta Iturraldek, atzo Martzillan (Nafarroa) lortutakoarekin. Merino ganadutegiko behiekin aritu ziren hamabi bikote, eta Lizarraldek eta Iturraldek 14 uztai sartu zizkioten beraiei egokitutako behiari. Bigarren geratu zen bikoteak zazpi jarri zituen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!