Irailerako ere kultur programazio betea

Ataria 2021ko abu. 7a, 07:59

Dupla taldea.

Kontzertuak, dokumentala edota haur eta helduentzat antzerkia izango dira irailean, Amasa-Villabonan.

Uztaileko kultur egitaraua bukatuta, Amasa-Villabonako Udalak irailerako ere eskaintza zabala prestatu du. Helduentzat nahiz gazteentzat ekitaldiak prestatu ditu, hain justu, hiru kontzertu, dokumental bat, haurrentzat antzezlana bat eta beste bat helduentzat.

Irailaren 16an, Villabona.dok zikloaren barruan, Crock of Gold: Bebiendo con Shane MacGowan filma izango da ikusgai, Gurea zineman, 19:30ean. 80. hamarkadan Irlandako musika tradizionala berritu zuen The Pogues punk taldeko liderra da Shane MacGowan. Bandaren artxiboko irudiekin eta MacGowan familiarenekin nahastuta, Shane MacGowan nor zen kontatzen du. Sarrera 3 euro ordaindu beharko da.

Irailaren 17an, berriz, Pettiren kontzertua izango da Erreboteko plazan (euria egiten badu Gurea antzokian), 19:30ean. Manipulazio estrategiak izeneko hamahirugarren diskoa aurkeztuko du Pettik. Pentsamendua, poesia eta doinua, hirurak batzen ditu bere azken proiektuak. Sarrera doan izango da.

Irailaren 19an, gaztetxoei zuzendutako Kottondarrak antzezlana izango da ikusgai, Gurea antzokian, 17:00etan. Ama eta hiru alabez osaturiko familiaren bidaiak, landa despopulazioa, exodoa hirira, iraultza industriala, hirietako bizi baldintzak, kapitalismoa, ahizpatasuna eta emakume langileen borroka feminista islatzen ditu Anita Maravillas & Portal 71 taldearen lanak. Testurik gabeko antzezlana da, eta sarreraren prezioa 6 eurokoa da.

Irailaren 24an, Idoiaren kontzertua izango da Errebote plazan, 19:30ean hasita. Bere alderik sentikorrena erakusten duen Aulki jokoa kantuarekin iragarri zuen bere lehen diskoa. Orain, Ilun eta abar disko berria eskuan duela eskainiko du emanaldia. Euria egiten badu Gurea antzokian izango da, eta sarrera doakoa da.

Irailaren 26an, Xake produkzioak taldearen Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana izango da Gurea antzokian, 19:30ean. Ander Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera doa parte hartzeko asmoz, eta autostopean ari dela, Mariok jasoko du bere kamioian. Ezagutzen zuten elkar, baina, urteak dira ez zutela elkarren berririk. Sarreragatik 8 euro ordaindu beharko da.

Programazioa ixteko, urriaren 1ean, ostiralean, Dupla taldearen kontzertua izango da Erreboteko plazan, 19:30ean (euria egiten badu Gurea antzokian). Aguraingo bi mutilek osatzen dute Dupla. Nekazal ingurune batean musika urbanoa egiten duen taldea da. Durangoko Azokan aurkeztu zuten Folklore euren lehenengo laneko abestiak eskainiko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!