Eresargi Txiki abesbatzaren kontzertua bertan behera

Ataria 2021eko uztailaren 29a

Haur abesbatzako hainbat kide konfinatuta daude, eta horren ondorioz, Eresargik larunbat honetarako aurreikusita zegoen kontzertua ez ematea erabaki du.

Eresargi Txiki abesbatzak larunbat honetan, hilaren 31n, Gurea aretoan 13:00etan, eskaini behar zuen kontzertua bertan behera geratu da. Amasa-Villabonako Udaletik azaldu dutenez, haur abesbatzako hainbat kide konfinatuta daude, eta horren ondorioz, Eresargik aurreikusita zegoen kontzertua ez ematea erabaki du. Abesbatzak beste momentu batean emango duela kontzertua esan dute.

Bestalde, larunbaterako iragarritako pentatloia egingo dute. Maiatzaren Lehena plazan izango da, 18:00etan hasita. Ondorengo kirolariek hartuko dute parte: Gizonezkoetan, Kepa Peñagarikano eta Andoni Iruretagoiena Izeta. Emakumezkoetan, Karmele Gisasola Zelai III, Uxue Ansorregi, Lucia Orbe eta Garazi Arruti. Egin beharreko lana, berriz, ondorengoa izango da: harria jaso, 15 jasoaldi bolari; giza proba, 2 plaza; aizkora, 2 egur; txingak, 4 plaza; korrika, 15 buelta. 

Remi Ayestaranen omenaldiari dagokionez, bi leku prestatu dituzte. Hau da, euririk egiten ez badu Remi Ayestaran ibilbidean izango da, eta euria egiten badu, Bear Zana pilotalekuan. XII. Urteurreneko ekitaldia 20:00etan hasiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!