Eki Lizaso, Euskal Herriko txapeldunorde halterofilian

Ataria 2021eko uztailaren 27a

20 urtez azpikoen Euskal Herriko Txapelketan hartu zuen parte, Gasteizen; zuzenean 94 kilo eta bi altxalditan 110 kilo jasotzea lortu zuen Danok Danena taldeko pultsulariak.

Uztailaren 17an, 20 urtez azpikoen Euskal Herriko Txapelketa jokatu zen Gasteizen, eta Amasa-Villabonako Danok Danena taldeko pultsulari gazteenek hartu zuten parte bertan. Klubeko ordezkariek, 15 urteko Eki Lizaso pultsulariak egindako lana azpimarratu dute. Txapeldunorde izan zen, bere marka pertsonalak onduz. Zuzenean 94 kilo altxatzea lortu zuen; bi altxalditan, berriz, 110 kilo. 114 kilo altxatzetik oso gertu ibili zen. Alvaro Jimenez bizkaitar pultsularia izan zen onena; zuzenean 123 kilo eta bi altxalditan 153 kilo jasotzea lortu zuen. Danok Danena taldetik, Lizaso bera zoriondu dute: "Saio bikaina taldeko pultsulari gaztearena, kirol honetan denbora tarte txikia daramala kontuan izanda".
 
Egun berean, Halterofiliako Liga Nazionaleko 3. jardunaldia jokatu zen Amasa-Villabonako Olaederra Kiroldegiko frontoian; bertan, Danok Danenako hainbat pultsularik hartu zuten parte. Lan kontuak tarteko, taldeko bi pultsularik Amasa-Villabonatik kanpo egin behar izan zituzten altxaldiak, batak Madrilen, eta besteak Valentzian. Hala ere, horien emaitzak ere kontuan hartu zituzten txapelketarako.
 
Honako hauek izan ziren parte hartu zuten taldeak eta lortutako puntuak:
  • Gizonezkoen Ohorezko Maila: Ekaitz Kortajarena, Mikel Alvarez, David Rubio, Gorka Endjilo, Asier Gallego eta Jon Ander Iriarte. Lortutako puntuak: 1.720,23.
  • Gizonezkoen Lehen Maila: Alejandro Tomas, Pablo Ucero, Jon Rodriguez, Borja Mujika eta Eki Lizaso. Lortutako puntuak: 1.233,49.
  • Emakumezkoen Lehen Maila: Naiara Madrid, Daniela Perez, Susana Davila eta Elena Mangas. Lortutako puntuak: 763,35.
  • Emakumezkoen Bigarren Maila: Amaia Blanco, Nalu Herranz eta Zaloa Iturbe. Lortutako puntuak: 432,27.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!