Udalak Santio jairik ez dela izango gogorarazi eta arduraz jokatzeko deia egin du

Amasa-Villabonako Udalak honako oharra argitaratu du gaur, ospatuko ez diren Santio jaien bezperan:

Lehenik eta behin, herritarrei gogorarazi nahi diegu pasa den otsailaren 24an egindako bilkuran, Covid-19aren pandemiaren ondorioz, bigarren urtez, Villabonako Santio Jai Batzordeak 2021eko jai egitaraurik ez prestatzea eta festak bertan behera uztea erabaki zuela aho batez.
 
Billabonatar guztiok maite ditugun herriko jaiak bertan behera uztea, erabaki mingarria da dudarik gabe, baina bizi dugun egoerak ez du beste irtenbiderik uzten. Gainera, guztiok dakigu azken asteetan birusaren intzidentzia izugarri handitu dela eta egun asko daramatzagu eremu gorrian. Gaur bertan, Amasa-Villabonan dugun Covid-19aren intzidentzia-tasa metatua 1.030,9koa da, zifra oso kezkagarria, kasu positiboek ez dute etenik eta ospitaleratzeak ere gora doaz.
 
Ondorioz, beste behin, arduraz jokatzeko deia egin beharrean aurkitzen gara. Hau ez da txantxa bat, pandemia aroan jarraitzen dugu bete-betean eta ezin gara erlaxatu. Badakigu egoera honekin denok gaudela nekatuta eta aspertuta, gogorra eta luzea izaten ari dela, baina erantzukizunari eutsi behar diogu, orain arte egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan ez daitezen.
 
Dagoeneko denok ondo ezagutzen ditugu zeintzuk diren Covid-19aren zabalpena saihesteko hartu beharreko prebentzio neurri nagusiak: pertsonen arteko distantziak mantentzea, jende pilaketak ekiditea, musukoaren erabilera, eskuak garbitzea etab. Oso garrantzitsua da oinarrizko neurri hauek beti kontuan izatea eta errespetatzea.
 
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak kaleratu dituen azken Dekretuetan ezartzen diren betebeharrak onartzea eta errespetatzea dagokigu. Hauek dira aipagarrienak: 00:00etatik 06:00etara bitartean, bizikideak ez diren pertsona-multzoak edo jende-pilaketak ezingo dira egon aire libreko espazio publikoetan, jarduera guztiak ixteko muga-ordutegia 01:00k artekoa da eta uztailaren 26tik aurrera, jardueretan baimendutako gehieneko edukiera %35ekoa izango da lokal eta instalazio guztietarako.
 
Gauzak horrela, Amasa-Villabonako Udalak honakoa adierazi nahi du gaur, uztailaren 23an:
  • Santio jairik ez dagoenez, Villabonara festa edo parranda egitera ez etortzeko deia egiten diegu inguruko herrietako biztanleei.
  • Datozen egunetan zentzuz jokatzeko eta indarrean dauden prebentzio arau guztiak (salbuespenik gabe) errespetatzeko deia egiten dugu.
  • Udaltzaingoak arau hauen errespetua bermatzeko lan egingo du eta Udaltzaingoko agenteak eta egiten duten lana errespetatzeko eta ahal bada errazteko eskaera egiten diegu herritarrei.
  • Gaueko 22:00etatik aurrera Ertzaintza izango da arauak betearazteko eta ordena publikoa mantentzeko ardura izango duen polizia erakundea, eta kasu honetan ere, uneoro agenteen argibideei kasu egitea eskatzen dugu.
  • Kale zurruta, botiloiak edota jende pilaketak debekatuta daudela gogorarazten dugu eta ondorioz, ez egiteko eskatzen dugu.
Amaitzeko, billabonatar guztiek bezalaxe, aurtengoa Santio jairik gabeko azken urtea izan dadila espero dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!