Eraso matxisten aurkako kanpaina abiatuko dute

Jon Miranda Labaien 2021ko uzt. 22a, 07:59

Amasa-Villabonako Udalak Lurgatz eta Akain talde feministekin elkarlanean gauzatuko du kanpaina eta ekintza ezberdinak egingo dituzte matxismoak herrian lekurik ez duela aldarrikatzeko 

Amasa-Villabonako Udalak komunikazio kanpaina zabal bat egingo du udan, matxismoak herrian lekurik ez duela aldarrikatzeko. Beatriz Unzue alkateak adierazi duenez udalak konpromiso «irmoa» du emakumeen kontrako era guztietako jokabide eta eraso matxisten aurka. «Jokabide, irain, eraso eta erailketa matxistek ez dute etenik, eta zoritxarrez gero eta oihartzun handiagoa ematen zaion eskuin muturraren mezuek, matxismoaren aurrean gizartearen pasibotasuna bilatzen dute. Ez dute lortuko», esan du Unzuek. Gogorarazi du 2021ean 4 erailketa matxista izan direla Euskal Herrian, eta beraz, matxismoak hiltzen jarraitzen duela. «Egoera hau onartezina da ikuspuntu guztietatik».

Orain abiatuko duten kanpaina udalaren ekimenetik sortu bada ere, hasieratik, Lurgatz eta Akain herriko talde feministen «babesa eta konplizitatea» bilatu dutela esan du alkateak, «bestela marketin hutsean geratzeko arriskua izango luke eta». Unzuerekin batera, Arantxa Lopez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Itziar Garcia Gizarte Zerbitzuetako teknikaria eta mugimendu feministako ordezkariak izan dira kanpaina aurkezten.

Alkateak gizartetik desagerrarazi beharreko gaitza bezala definitu du matxismoa eta horregatik ezinbestekotzat jo du erakunde publikoek eta mugimendu feminista antolatuak indarrak batzea eta elkarlanean aritzea. «Matxismoaren aurrean eta matxismoa ahalbidetzen duen gizarte egitura zaharkituen aurrean, ezinbestekoa da erakundeek benetako politika feministak jartzea eta herri mugimendu feministak kaleetan eta behar den leku guztietan borroka sozial indartsua garatzea».

Egunotan martxan jarriko duten ekimen honekin argi ikusarazi eta erakutsi nahi dute Amasa-Villabonan emakumeen kontrako eraso matxistek ez dutela inongo lekurik izango. «Herri gisa, ez dugu inolako ulermen edo tolerantziarik izango matxismoaren aurrean».

Lau euskarritan gauzatuko da Amasa-Villabonan indarkeria matxistaren aurka antolatu duten kanpaina: etxez etxe banatuko den gida praktiko bat, establezimenduetan jarriko diren itsasgarriak, herriko bi sarrera nagusietan jarriko diren seinaleak eta herriko hainbat gunetan ezarriko dituzten pankartak.

«Etorkizunean horrelako kanpainarik egin beharko ez den gizarte bat eraiki nahi dugu, eta honako hau, helburu hori lortzeko lagungarria izango den kanpaina xume bat izatea nahi genuke», gaineratu du alkateak. Gizarte laguntzaile gisa Garciak garrantzitsutzat jo du elkarlana indarkeria matxistaren kontrako kanpainetan, eta batez ere, herritarren partaidetzan jarri du azpimarra.

Gida praktikoa: 'Ez zaude bakarrik, indarkeria matxista salatu!'

Emakume batek indarkeria matxista pairatuko balu, edo beste emakume batek pairatzen duenaren susmoa badu, zer egin edo nola jokatu dezakeen, eta egoera horri aurre egiteko zein baliabide dituen jasotzen duen eskuorri bat argitaratu du udalak.

Indarkeria matxistaren zantzuak identifikatzeko argibideak, non eta nola salatu momentu bakoitzean, nola jokatu eta laguntza jasotzeko zein bitarteko dauden azaltzen da gida praktikoan: telefonoak, helbideak eta kontakturako bideak ematen dira. Udalak herriko etxe guztietara banatuko du gida praktikoa aste honetan.

Gidan hizkuntza ezberdinetan jaso dute informazioa, herriko emakume guztiengana iristeko ahalegina eginez.

Itsasgarria establezimenduetan. 'Hemen ez dugu eraso matxistarik onartzen'

Amasa-Villabonan herritarrei zabalik dauden establezimendu guztietara gutun bat bidaliko du udalak. Gutun horretan, indarkeria matxistaren kontrako kanpaina honen arrazoiak, helburuak eta nondik norakoak azaltzen dituen dokumentu bat eta itsasgarri edo pegatina bat jasoko dute. Kanpaina honekin bat eginez, itsasgarria leku ikusgarri batean, erakusleiho edo ateetan, ezartzeko gonbidapena luzatuko zaie establezimenduetako arduradunei.

Seinaleak herri sarreretan. 'Amasa-Villabona eraso matxisten aurka'

Euskal Herri osoko udal ugarik egin duten bezala, Villabonak errepideetatik dituen bi sarbide nagusietan trafiko seinaleak jarriko dira, herrira sartzen den edonork argi izan dezan herrian matxismoak ez duela lekurik.

Pankartak. 'Amasa-Villabonan ez dugu eraso matxistarik onartzen!'

Udalak hiru pankarta jarriko ditu Villabonako herri gunean dauden farola eta argi posteetan: Errebote plazan, Kale Berrian eta Larrea auzoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!