Aurreikuspenak gainditu dituzte pilota udalekuek

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 21a, 11:59

45 haurrek hartu dute parte Behar Zana Pilota Elkarteak antolatutako ekimenetan; bertan ikasitakoa datorren denboraldian zehar praktikan jartzea espero dute elkartetik.

Behar bati erantzun nahian, eta haur eta gaztetxoengan pilota sustatzeko helburuarekin, Euskal Pilota eta Esku Pilota Kanpusak antolatzea erabaki zuen Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteak. Ekainaren 27tik uztailaren 9ra bitarte egin dute eta erantzun bikaina izan du. Guztira, Gipuzkoa osoko herri ezberdinetatik joandako 45 neska-mutilek hartu dute parte, zazpi begiraleren ardurapean. «Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu eta oso arrakastatsua izan da, ez baitzegoen haur gehiagorentzako lekurik».

Euskal Pilota Kanpusean, pilota jolasak landu zituzten, batez ere gazteenei begira, euskal pilota gertuagotik ezagutu zezaten. Esku Pilota Kanpusean, berriz, alderdi teknikoa landu zuten, lehendik pilotan aritutakoak zirenekin. Modalitateei dagokienez, trinketea, pasaka, bote luzea eta pala probatu dituzte. Horrez gain, plaza librean jolastu dira eta sakarria edo botaharriarekin trebatu dira. Eskualdeko luzera eta estilo ezberdinetako hamaika pilotalekutan egin dituzte jarduera horiek. Trinketean aritutako egunetan, munduko txapeldunordea eta elkarteko pilotaria den Eneko Maiz billabonatarra izan dute teknikari lanetan.

Azken egunean, Esku Pilota Kanpuseko Finalak jokatzeaz gain, haurrek solasaldi «interesgarria» izan zutela nabarmendu dute Behar Zanatik: «Txapeldun handien bisita jaso zuten. Oinatz Bengoetxea, Jokin Altuna eta Iñaki Artola izan ziren Bear Zana pilotalekuan, baita begirale lanetan aritu diren Axier Arteaga eta Miriam Arrilaga ere».

Jolasetik jokora igarotzeko

Pilota ardatz hartuta burutu dute plangintza osoa, eta besteak beste, elikadura osasuntsuaz kontzientziatzea, naturarekiko harremana sendotzea, jarduera fisiko egokiak burutzea edota lagunarte jator batean aisialdiaz gozatzea izan dira landutako helburuak.

Azken xedea, haur eta gaztetxoak, aurrerantzean ere, egunerokotasunean pilotarekin zerikusia duten jardueretan aritzea zen. Elkartean badakite azken urte eta erdia oso gogorra izan dela, zailtasun handiak izan dituztela. «Hala ere, pilota ziztadak eskaini behar zitzaizkien pilota gustuko duten haurrei. Gure kanpusean izena eman zutenek, udaran zehar jarrai dezatela pilotan jolasten, eta irailean, denboraldi berria hastean, jokatu dezatela pilotan, bakoitzak bere herrian, bere herriko pilota taldean», esan dute.

Elkartetik aurreratu dutenez, datozen ekitaldietarako kontuan hartuko dituzte hobetzeko proposamen guztiak. «Pilotaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu guzti honek; asmoa eta gogoa ditugu horretarako». Zizurkilgo, Adunako eta Irurako udalak ere eskertu dituzte, baita «bereziki» Amasa-Villabonako Udala ere, «pilotaren alde egindako ahaleginagatik, eta udalekuak aurrera atera ahal izateko erraztasun guztiak emateagatik», gaineratu dute.

Erlazionatuak

Gazteen finalerdiak, erabakita

Tolosaldeko Ataria 2021 uzt 21 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!