Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneko Beñat Iguaranek, Haritz Mujikak, Imanol Artolak, Mikel Artolak, Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek sinatutako lanak eskuratu zuen iaz Pello Mari Otaño beka. Kilometroak kultur elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitu zuten elkarlanean, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena kultur elkartearen laguntzarekin. Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa proposamena gorpuzteko urtebeteko epea izan dute eta Mikel Artola arduratu da lanaren inguruko xehetasunak emateaz Amasa-Villabonako Subijana etxean.
Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena, eta ikas-irakas prozesua oinarrizko unitate horretatik hasteak gerora bertsoa osatzeko gaitasunean lagundu dezakeela uste dute Harituz bertsozaleen elkarguneko kideek. Zirtoa zer den deskribatzeaz gainera, Aiztondoko zirtotsaren tradizioa bildu dute, eta batez ere, liburuetatik egin dutela aipatu du Artolak, «bilketa horretan sakontzeko azken urteetan jende helduarekin elkartzeko aukera ez baita izan». Gertuko bertsolaritzaren historia hobeto ezagutzeko aukera eman die lanketak. Sabina Elizegi, Mikaela Elizegi, Pello Errota edo San Migel Txikia bezalako bertsolarien bizitzetara gerturatzeko aukera izan dute. Haien zirtoak bildu dituzte egitasmo honetan.
Aiztondo bailaran jasotako zirto historiko horiekin eta ikerlanaren egileek beraiek sortutakoekin bideoak osatu dituzte, eta erabilera didaktikorako, bi webgunetan jarri dituzte eskuragarri: www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus atarietan. Gainera, lehen probak ere egin dituzte ikasgelan, bideo horiek baliatuta eta ikasleak zirto berriak sortzen jarrita.
IKASGELETAKO LANKETA
Hipotesiak ikasgeletan frogatzeko aukera izan dute Harituz bertsozaleen elkarguneko kideek. Gelaratzearen garrantziaz hitz egin du Artolak: «Bailarako zirto historikoak jaso, berriak sortu eta gero gelaratu egin ditugu. Ikasleekin lantze hori bezain interesgarria da gelako jardun erreal hori aztertzea». Bertso eskolaz harago hezkuntza arautuan probatu nahi izan dute zirtoaren aplikazio didaktikoa. Amaia Agirrek Zubimusu ikastolan daraman taldeetako batekin lau saiotan jorratu dute zirtoa.
Ikasgelan egin duten lanketaren berri eman du Artolak: «Zaska delakoarekin lotzeak adarra jotzearen eta min ematearen arteko muga lausotzeko arriskua du baina saioak aurrera egin ahala, ez dugu horrelako arazorik antzeman, eta umoreak ludikotasunari mesede egin diola ikusi ahal izan dugu».
Bestalde, «neurriaren kezka alde batera uzten duenez, zirtoak errimaren arazoa erdigunean jartzen du, eta arreta horretan jartzeak errimatzen ikasteko balio du», azaldu du Artolak; harago joan da bere arrazoiketan, «errimak duen berezko erakargarritasun estetikoaz jabetu eta horrekin gozatzeko aukera ere badakar».
Hainbat dira zirtoaren lanketatik eratorritako onurak: sormena, jendaurrekotasuna, eta elkarrizketan garatzen denez gero, dialektika eta lankidetza jorratzeko aukera ematen du. Eskualdeko bertsozaleen elkarguneak defendatu du trebetasun pertsonal eta sozialak garatzeko balio duela lanketa didaktikoak: «Zirtoak funtzionatu dezan, elkarrizketak egon behar du derrigor, bien artekoa behar du».
Ikasleek zirtoak ikasteaz gain, berriak ere sortu dituzte. «Antzeztu egin dituzte eta konturatu gara esateko moduaz jabetzera eraman dituela horrek, eta hain zuzen, esateko moduak bihurritzeak eramaten diela gero bertsotarako». Aurretik Xabier Amurizak ahozkotasunaren inguruan egindako generoen mailaketari beste bat eransteko proposamena luzatu dute Harituzeko kideek: puntua. «Guk zirtoarekin egin dugun antzeko lanketa bat beste geruzekin egin daitekeela uste dugu, puntuarekin edo koplarekin, adibidez». Oro har, zirtoa landuz egin duten gelaratzea hizkuntza gaitasuna duten ikasleekin egin dutela aitortu du Artolak eta aipatu du interesgarria litzatekeela eremu erdaldunagoetan ere aplikazio didaktikoa probatzea.
Adarra jotzeko moduak euskaraz lantzeko aukera ematen du, beraz, zirtoaren lanketak, sormena eta irudimena gure hizkuntzarekin lotzeaz batera. Proiektuak horretan egin dezakeen ekarpena azpimarratu du aurkezpen saioan Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak: «gazteen euskararen erabileraren emaitzak hobetzen lagundu dezake». Euskararen biziberritzean eta, oro har, gizartean eragiteko ikerketak duen indarrarekin bat egin du, baita ere, Beñat Gaztelumendi Mintzolako arduradunak. Zentzu horretan, Kilometroen eta Mintzolaren arteko elkarlanarekin jarraitzeko asmo irmoa erakutsi dute biek.
AURTEN GABIRIAKO BERTSOLARITZA AZTERGAI
Iazko esperientzia errepikatu asmoz, aurten ere bigarren deialdia antolatu dute elkarrekin Kilometroak kultur elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak; oraingo honetan Kilometroak jaia antolatzeaz arduratuko diren Goierriko ikastolen Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito - eta Gerriko kultur elkartearen laguntzarekin egin dute deialdia. Ikerketa eremua ere eskualde horretara mugitu da bigarren deialdi honetan: Goierriko ahozko ondarea ikertzeko helburua duten ikerketentzat zabaldu dute.
Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian lanari esleitu zaio aurten beka. Ikerketa egiten, orotara, hamar bat lagun ariko diren arren, Eresti Oiarbide eta Maialen Akizu dira proiektuaren egileak.
Egileen esanetan, Gabirian bertsoarekiko afizioak izan duen lekua belaunaldiz belaunaldi transmititu da, beste oso leku gutxitan bezala. Horregatik ikertu nahi dute Gabiriako bertsolaritza, bertsolaritzak Gabirian duen lekua eta Gabiriak bertsolaritzan duen pisua. Bertsolaritza eta Gabiria lotzen dituen anekdota, bertso, argazki edota antzerakoren bat izanez gero, haiei helarazteko eskatu dute; horretarako, gabiribertso@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
«Bertsolariez gain, kontuan hartuko dira bertsoaren eta bertsolarien inguruko eta belaunaldi desberdinetako eragileak: bertsozaleak, gai-jartzaileak, antolatzaileak… Datu basearen azterketa egitea guztiz interesgarria izango da, eta, modu horretan, herriko bertsolaritzaren historia txukun jasoa geratuko da», azaldu du Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak. Garapen maila eta bideragarritasuna ere azpimarratu ditu, eta baita ikerketa gauzatutakoan hurrengo belaunaldientzako edukiko duen balioa ere.
Ikertzaileek 2022ko uztailaren 15erako bukatu beharko dute ikerketa lana eta proiektuaren inguruko xehetasunak urriaren 1ean emango dituzte Ordizian antolatuko duten aurkezpen eta bertso saioan.