Lehen aldiz egingo dute Sandra baserrira kronoigoera bizikletaz

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 15a, 19:59

Sandra baserrira (etxe zuria) kronoigoerako azken metroak.

Irrintzi Txirrindularitza Elkarteak antolatuta, proba berria ospatuko da etzi, 16:00etan hasita; ia 4 kilometroko luzera eta batez beste %9,6ko malda duen aldapa igo beharko dute.

Larunbaterako, txirrindulari lasterketa berri bat antolatu du Amasa-Villabonako Irrintzi Txirrindularitza Elkarteak; kronoigoera izango da, Sandra baserrira. 16 urtetik gorako txirrindulariek hartu ahalko dute parte eta, gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan, hiru kategoriatan banatuko dituzte partaideak: 18 urtez azpikoak, 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak.

Irrintzi elkarteko kide den Borja Aranzabek aitortu du beti izan dutela Sandra baserrian zerbait egiteko gogoa. «Begira egon ginen, ea noizbait zerbait egin ote zen bertan. Duela 20 urte baino gehiago, afizionatuen lasterketa baten helmuga izan zen, eta gerora, kronoigoera bat ere antolatu zen aldapa horretan». Larunbateko lasterketarekin hori berreskuratu nahi dute. «Aurtengoa lehen edizioa izango bada ere, erantzun ona izanez gero, hurrengo urteetan mantentzeko asmoa dugu».

Larunbateko probari dagokionez, Errebote plazatik irtengo dira txirrindulariak. 16:00etan irtengo da lehena, eta gainerakoak banan bana abiatuko dira, bi minutuz behin. Ia 4 kilometroko igoera da, nahiko zorrotza, 371 metroko desnibelarekin, eta batez besteko %9,6ko maldarekin. Hirugarren kilometrotik aurrera, gorantzako joera du, eta txirrindulariek %17ko malda duen aldapa igo beharko dute, helmugatik 50 metrora. «Lehen kilometroa (%7,2) da samurrena; azkena (%11,2), berriz, gogorrena; tartekoak (%10,1) ere gogorrak dira. Hortaz, amaierarako indarra gordetzea aholkatuko nieke».

Oraingoz, dozena bat lagunek eman dute izena, baina epea zabalik dago, eta 615 711 056 telefono zenbakira deituz edo Herrikrosa.eus webgunean egin daiteke inskripzioa. «20 partaidetara iritsi nahi dugu. Horien artean, denetik egongo da: irabaztera datozenak, bizikletan sarri ibiltzen direnak baina irabazteko hautagaiak ez direnak, parte hartzea gustuko dutenak eta erronka bati aurre egiteko aitzakiarekin etorriko direnak», azaldu du Aranzabek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!