Remi Ayestarani omenaldia,  12. urteurrenean

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 15a, 07:57
Iazko ekitaldiko artxiboko irudia.

Remi Gogoan herri ekimeneko kideek  ekitaldia egingo dute uztailaren 31n, 20:00etan, bere omenezko monolitoan.

Hamabi urte beteko dira uztailaren 31n, Remi Ayestaran billabonatarra hil zela, eta Remi Gogoan ekimeneko kideek urteroko ekitaldia egingo dute 20:00etan, bere monolitoaren ondoan. «2009ko uztailaren 31 hartan udal ordezkari gisa lanean ari zela, bihotza leherrarazi zioten», gogoratu dute. «Ertzaintzaren presio eta probokazioen aurrean, Santio jaiak istilu gabe amaitzea nahi zuen, baina ez zuten bakean utzi».

Ekimeneko kideek salatu dute hamabi urte pasa direla eta inongo azalpenik ez dela eman, are gehiago «inork eragindako galeraren ardura beregain hartu gabe» jarraitzen dutela esan dute. Urteak pasata gertatutakoa salatzen eta gogoratzen jarraituko dutela adierazi dute eta Remi Ayestararen Etxeondoko zuhaitza puskatu izana ekarri dute gogora: «Itxi gabeko zaurian min eman digu». Ekimeneko kideen iritziz zuhaitza puskatu izanak agerian utzi du memoria lantzen jarraitu beharra, «herriko belaunaldi gazteek ere jakin dezaten Remi nor izan zen. Herri honen alde lan egin zuen gazte bat, ordutegiei erreparatu gabe, herrigintzan aritu zen Amasa-Villabonako seme bat». «Remiri zor zaion aitortza egiteko» egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitzen dutela esan dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!