Irregulartasunak salatuz hasi dute 13/13 auziko epaiketa

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 13a, 07:59

Atzo hasi zen Auzitegi Nazionalean 13/13 auziaren epaiketa; zortzi auzipetuetako bat da Julen Zelarain eta beretzako 11 urteko kartzela zigorra eskatu dute

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Juan Mari Jauregi eta Julen Zelarain billabonatarra dira 13/13 sumarioan epaitzen ari diren zortzi euskal herritarrak. 77 urteko kartzela zigorra eskatzen diete, ETArekin lotura izan zutelakoan eta 2010. urtean egindako polizia operazio batean oinarrituta. Sarekada izan zenetik 11 urtera hasi dute epaiketa Madrilen, eta ETAk bere jarduna amaitu zuenetik hamar urte igaro direnean.

Hasiera batean hamar lagun atxilotu zituzten: Arantxa Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza abokatuak; Naia Zurriarain, abokatuen Bilboko bulegoan lan egiten zuena; Saioa Agirre, Etxerat elkarteko bozeramaile aritutakoa; Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi, Erramun Landa, Jose Luis Gallastegi eta Domingo Aizpurua. Horietatik lehenengo bostak espetxean sartu zituzten Grande-Marlaskaren aginduz. Besteak libre utzi zituzten, Etxabe eta Jauregi, bermea ordainduta. ETAko kide izatea edo hari laguntzea eta ETAren eta presoen artean «zubi lana» egitea leporatu zien epaileak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian epaitu eta zigortutako zenbait pertsonaren izenak ere aipatzen zituen Grande-Markaslak autoan, eta sumarioan sartu zuen, esate baterako, Zelarain billabonatarra.

Atzo, Auzitegi Nazionalaren atarian eta epaiketara sartu aurretik Zelarainek gainerako auzipetuen izenean salatu zuen bai 2010eko operazioan zein ondorengo instrukzioan «eskubide urraketa larriak» gertatu izan direla: torturez gain, abokatuen bulegoen «legez kanpoko miaketak» eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek «epailearen baimenik gabe» egindako entzuketei egin zien erreferentzia, esate baterako. Guardia Zibilaren «txosten ilegalak» ere aipatu zituen atzo billabonatarrak.

Abokatuek aurretiazko gaiak jarri zituzten mahai gainean atzoko lehen saioan, baina horiei buruzko erantzuna epaian emango duela jakinarazi zuen epaimahaiak atzo. Gainera, defentsen eskariaren aurka, saioa zuzeneko seinalean ematen jarraitzea eta guardia zibilek babestuta deklaratzea erabaki zuen.

Gaur deklaratuko dute akusatuek, printzipioz. Izan ere, atzoko saioaren atseden une batean txertoa hartu zuen magistratuetako batek eta erreakzioa egin zion. Ondoezak okerrera egiten badu, gaurko auzi saioa bertan behera utziko dutela jakinarazi dute.

«Sektore bat badago batere eroso ez dagoena Euskal Herriko egoerarekin»

Aretora sartu aurretik epaiketa hau «lekuz eta garaiz kanpo» dagoela berretsi zuen atzo Julen Zelarain Errastik (Amasa-Villabona, 1967). Epaiketa abiatu aurretik hitz egin du TOLOSALDEKO ATARIAk auzipetuarekin.

Zein aldarte duzue auzipetuek epaiketaren hasieran?

Bi sentimendu kontrajarri dauzkagu. Alde batetik jaso ditugu berotasuna, gertutasuna eta elkartasuna eta horrek eramangarriago egiten du egoera hau. Baina bestetik, ez da erraza guzti hau kudeatzea etxean eta ingurukoekin. Kezka handia dugu eta ez dakigu zein izango den auzi honen emaitza.

Epaiketa justu bat egiteko bermerik ez dagoela salatu izan duzue. Hori jakinarazi diozue tribunalari?

Bai. Tortura larriak eman ziren. Auzitegi Nazionalean kontraesana eman zen epaile ezberdinen artean. Baltasar Garzon zegoen zaintzan eta auto batean kautelazko neurriak hartzea agindu zuen. Gero ikerketaren gidaritza hartu zuen aretoko epaile Grande Marlaskak, aurretik Garzonek agindutako kautelazko neurri guztiak hankaz gora bota zituen. Inkomunikazioa bere horretan mantendu eta atxilotutako horiek bere aurrean torturak eta tratu txarrak salatu zituzten arren, ez zuen hori ikertzeko ezertxo ere egin. Alderantziz, torturapean egindako deklarazio horiek aintzat hartu eta gaur (atzo) hasi den epaiketa honetan froga bezala erabiliko dira. Guk ez dugu Auzitegi Nazionala epaitegi inpartzial bat bezala ikusten, estatuaren zati interesatu bat da, botere judizialaren zati bat, eta Euskal Herriari dagokionez, behintzat, inpultso politikoarekin funtzionatu du beti.

Hori jakinarazi diozue tribunalari?

Hasiera hasieratik bermerik ez dagoela agerian uztea da gure asmoa. Esan dugu badaudela eskubide urraketa ugari kasu honetan, eta gure abokatuek auziaren hasieran, aurretiazko gaiak jorratzea eskatu dute. Mahai gainean jarriko ditugu egunotan, prozesu honetan, atxiloketa hauetan, instrukzioan egon diren urraketa guztiak. Epaitegi honek ikusi beharko du zer egiten duen horren aurrean. Ontzat ematen ez baditu salaketa hauek, bere buruari argazki bat aterako dio.

Zigor eskaerei eutsiko dietela uste duzue?

Gure susmoa da bere horretan mantenduko dituztela eskaerak, gutxienez epaiketaren hasieran. Nahikoa susmagarria egin zaigu, hasieratik akordiorako aukerak mahai gainean jarri dizkiegun arren, beraien aldetik ez dela inolako borondaterik egon, ezta gurekin biltzeko ere. Traza hartzen diogu eutsi egingo diotela zigor eskaerari.

Zuen epaiketa inboluzio baten hasiera bat bezala ikusten duzue?

Susmoa baino zerbait gehiago da. Auzitegi Nazionalean ari dira erabaki batzuk hartzen gaur egungo egoera politikoarekin bat ez datozenak. Bateragune auzia errepikatzearena, presoen egoeraren inguruan ematen ari diren urratsei oztopoak jartzea eta ongietorrien kontuekin lotuta atxiloketa gehiago egotea, adibidez, kateatzen ari diren eta kasualitatea ez diren hainbat elementu dira. Inboluzioa? Uste dugu estatu mailan, botere judizialaren barruan badagoela sektore bat ez dagoena batere eroso Euskal Herrian ematen ari den egoerarekin. Badirudi, PPrekin edo Voxekin lerratuta dauden epaileak agertoki politikoan esku hartzeko prest daudela. Ez dute inongo arazorik izango gai hau politikoki gobernuaren aurka erabiltzeko, honek inongo aurrera pausorik eman ez dezan. Zoritxarrez ahalmena dute gure herriko bizitza politiko eta soziala baldintzatzeko.

Zenbat iraungo du epaiketak?

Epaitegiak 18 saio aurreikusi ditu. Astelehenetik ostegunera izango dira. Uztailean bi astetan egongo gara, aste honetan eta hileko azkenekoan. Irailean jarraituko du epaiketak.

Nola prestatu duzue Madrilgo egonaldia?

Lau egun segidan direnez, ez dugu Euskal Herrira itzultzeko aukerarik eta bertan hartu beharko dugu ostatu. Epaiketa San Fernandoko aretoan egingo da, Madrilgo kanpoaldean kokatuta dagoen aretoan eta han inguruan dauden ostatuetan hartu dugu lotarako lekua.

Epaiketaren gastuak ordaintzeko elkartasun ekimenik egin al da?

Herrietan ahal den neurrian ahaleginak egiten ari dira guri babes ekonomikoa emateko. Herrirako epaiketa egin zenean orduko gastuei aurre egiteko diru bilketa bat egin zen. Zorionez auzi hartan akordioa egon zenez, ez zuten diru hori baliatu behar izan eta bazekitenez gure auzia atzetik zetorrela, gure esku utzi dute diru hori. Haiekin oso eskertuta gaude.

Auzipetuen herrietan zuei babesa emateko hainbat ekimen egin dira. Larunbatean manifestazio jendetsuak egin ziren. Nola baloratzen duzue?

Oso positiboki. Herrian azaldu didaten babesa, esaterako, ikaragarria izan da. Oso baliagarria eta lagungarria egiten zaigu. Baina are garrantzitsuagoa da herri baten nahia eta gogoa adieraztea, egoera hauek behin betiko gainditu eta garai bateko agertokiak errepikatu ez daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!