Arratzaingo eskoletako jangela eraberritzen ari da udala

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 7a, 13:58

Arratzaingo eskoletako jangelaren eraberritze lan hauetan, guztira, 19.727 euro inbertitu ditu Amasa-Villabonako Udalak.

Arratzaingo Fleming herri eskolako era Erniobea BHIko jangela eraberritzen ari da udala udara honetan. Urte luzez espazio honetan ez da hobekuntza lan handirik egin, eta egunerokotasunaren erabileragatik zaharkituta geratzeaz gain, hainbat berrikuntzen beharra zuen dagoeneko.

Udalak aipatu du lan hauek ikasleak eta irakasleak oporretan dauden bitartean burutuko direla, eta ikasturte berria jangela berrituarekin hastea aurreikusten dela.

Berritze lan hauetan burutuko diren lanak honako hauek dira:

  • Jangela sarrerako egurrezko atea aldatuko da: Zuhaizki enpresa arduratuko da horretaz eta 1.371 euroko kostua izango du.
  • Leiho berriak jarriko dira: Arathermik enpresak gauzatuko du lan hau 12.130 euroren truke.
  • Herdoilduta dauden jangelako berogailu erradiadoreak eta hodiak aldatuko dira: Fontaneria Robles enpresak egingo du hauen aldaketa, eta 3.896 euro bideratuko dira lan hauetara.
  • Margotze lanak: Sanz Margoak enpresak margotuko du jangela lanari amaiera emanez. 2.329 euroko kostua du lan honek.

Ondorioz,  Arratzaingo eskoletako jangelaren eraberritze lan hauetan, guztira, 19.727 euro inbertitu ditu Amasa-Villabonako Udalak. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko Udalaguntza-2020 diru laguntza lerrora eskaera egin zuen, eta maiatzean argitaratutako ebazpenaren arabera, lan hauek aurrera ateratzeko 13.675 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du. 

Eraberritze honen xehetasun guztiak, lehen unetik, udaleko Hirigintza sailaren eta eskoletako zuzendaritzen artean, elkarlanean adostu dira, eskola publikora zuzendutako 2021eko udal inbertsio planaren baitan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!