Otelarre eta Arratzainera gas naturala eramateko lanak hasi dira

Ataria 2021eko uztailaren 7a

Amasa-Villabonako Udalak 38.102 euroko inbertsioa egin du gas hornidura ezartzeko eta irailaren hasierarako lanak amaituta egotea espero du.

Udalak aurrerapauso berri bat eman du trantsizio energetikoarekiko duen konpromisoan, eta Arratzain eta Otelarrera gas naturala eramateko instalakuntza lanei ekin die. Horrela, Arratzaingo hezkuntza eremura (Fleming herri eskolara eta Erniobea BHIra), udal futbol zelaira, Hika txakolindegira eta inguruko zenbait baserri eta etxebizitzetara iritsiko den gas natural hoditeria ezarriko du datozen asteetan.

Udal futbol zelaiaren eta Arratzaingo hezkuntza eremuaren kasuan, orain arte gasoleoa erabili da galdaratako erregai gisa. "Gaur egun guztiz zaharkitua geratu da gasoleoa erabiltzea, erregai oso kutsakorra eta garestia baita. Inbertsio hau gauzatzean, gasoleoaren ordez gas naturala erabiliko da, erregai garbiagoa eta merkeagoa", esan dute udal ordezkariek. Gas naturalaren hornidura sare berri honen bidez, ekonomikoki aurrezpen bat izango du udalak, eta gainera, aurrera pausu bat emango da energia trantsizioan, gasoleoaren erabilera behin betirako baztertuz.

Amasa-Villabonako Udalak azpimarratu du hoditeria berezi honek etorkizunean hidrogenoa erabiltzea ahalbidetzen duela. "Ziurrenik hidrogenoa izango da etorkizuneko energia berriztagarri garrantzitsuena eta azpiegitura honekin eremu honetan hidrogeno hornidura izateko aukera zabalik geratzen da. Ondorioz, esan daiteke Udalak etorkizunerako ikuspegia izan duela proiektu honetan".


Udalak 38.102 euroko inbertsioa egin du gas hornidura ezartzeko eta Nortegas Energia Distribución S.A.U. enpresak egingo ditu lanak. 
Aurreikusitakoaren arabera, irailaren hasierarako, alegia, ikasturte berria hasten denerako, lanak amaituta egongo dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!