Elkartasun Sarearekin hitzarmena sinatu dute

Ataria 2021eko uztailaren 5a

Amasa-Villabonako Udalak 4.000 euroko laguntza eman dio sareari, pobrezia egoeran edo bazterketa sozialaren arriskuan dauden herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzen jarrai dezan.

Ekainaren 17an izan zen tokiko gobernu batzarrean aho batez onartu zen herriko hainbat boluntariok osatutako Elkartasun Sarearen jarduna diruz laguntzea.

Hitzarmen honen bidez, Amasa-Villabonako Udalak 4.000 euroko laguntza emango dio Amasa-Villabonako Elkartasun Sareari, elkarte honek pobrezia egoeran edo bazterketa sozialaren arriskuan dauden herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzen jarrai dezan.

Boluntario talde batek pandemia garai betean sortutako elkarte honek, ekimen solidario ugari antolatu eta aurrera eraman ditu azken hilabeteetan: behar larria duten herritarrei eta familiei elikagaiak eta premiazko produktuak banatzeko bilketa herrikoiak, elikagai bankuaren antolaketa eta asteroko elikagai banaketak, arropa, eskolako materiala edota jostailuen bilketak eta banaketak eta abar luze bat. Lan guzti hau udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko teknikariekin elkarlanean garatu dute eta udalak aurreratu duenez horrela jarraituko dute aurrerantzean ere.

Bestalde, Elkartasun Sareak "Zu-Bi" izeneko dinamika berri bat jarri nahi du martxan, pobrezia egoeran bizi diren haurrek ere, Amasa-Villabonako aisialdi, kirol edo kultur elkarteetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Askotan arrazoi ekonomikoak direla medio, herriko hainbat haurrek ez dute aukerarik izaten aisialdi, kirol edo kultura elkarteetan aritzeko matrikula (eta beste gastu batzuk) ordaintzeko eta horrek haur hauen bazterketa arriskua handitzen du. Dinamika solidario berri honekin, egoera horiek gertatzea ekidin nahi dute herriko elkarteekin elkarlanean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!