Udaleku irekiak abiatu dituzte Amasa-Villabonan

Ataria 2021eko uztailaren 5a

96 haur ari dira parte hartzen eta Amasa-Villabonakoak diren 11 hezitzailez osatutako lan taldea arituko da begirale lanetan.

Uztailaren 1ean hasi ziren uda honetako udalekuak. Guztira, 96 haurrek eman dute izena, eta uztailaren 21era arte egunero ekintza desberdinekin gozatzeko aukera izango dute: piraguan ibiliko dira, Larraitzeko zuhaitz parkera joango dira, mozorro festa egingo dute…

Amasa-Villabonako Udaleko Gazteria sailak euskararen erabilera sustatzeko eta aisialdian ondo pasatzeko helburuarekin antolatu ditu udalekuak. Gainera, saiakera berezia egin du bertan parte hartuko duten hezitzaileak Amasa-Villabonakoak izateko. Horrela, 11 profesionalez osatutako lan taldea sortu du.

Bizi dugun osasun egoera kontuan hartuta, udalak aurreratu du udalekuetan zorrotz beteko direla segurtasun neurri guztiak, beraz, haurrak talde ezberdinetan antolatuta egongo dira ekimenak irauten duten bitartean.

2021 honetako udalekuen programa garatzeko Udalak Ttakun elkartea kontratatu du, eta guztira, 29.000 euro bideratu ditu egitasmo honetara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!