Ibilian ibilian

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Sorondo 2021ko uzt. 3a, 19:58

Gizakiok jaio eta hilabete batzuk behar ditugu tente jarri eta lehenengo pauso baldarrak ematen hasteko. Pentsa nola izango zen gure arbasoek tentetu eta bi oinen gainean ibiltzen hasitakoan. Nahiko kontu eta komeri izango zituzten noski. 

Oinak babestu eta pausoak errazteko asmatuko zituzten oinetakoak, mendez mende aldatzen joan direnak, batzuetan oinen fisiologia eta orekaren legeak nabarmen bortxatuta. Dena dela, gaur egun, arrazoi desberdinengatik oinutsik ibiltzen den jendea ere badago.

XIV. mendean adibidez, 50 cm neurtzera hel zitezkeen punta zorrotzeko polainak janzten zituzten jende «apainak». Ibili ahal izateko berriz, punta urrezko edo zilarrezko katetxo batez lotzen zuten galtzetara. Zapata txikien bolada edo jende «apainen» modaren arabera, egokiena 33 cm-ko luzerakoa «behar» zuen. Ordubete egon behar izaten zuten oinak ur izoztuetan sarturik, oinetako txiki haietan oinak sartu ahal izateko.

Alabaina, zapata benetan txikiak inon egin badira Txinan izan da. Gehienez 15 cm-ko luzerakoa. Horrek, oinaren luzera laburtzera behartzen zuen. Jaiotzetik aitak metalezko tresna berezi bat erabiliz, alabaren oina oratu egiten zuen eta ondoren benda batekin bildu eta alterazioak sortarazi atzapar itxura lortu arte. Dirudienez, zenbat eta oinetako txikiagoa erabili, ezkontza-dotea orduan eta handiagoa ei zen; hamar zentimetro baino gutxiagoko oinetakoa erabiltzea beraz, lorpen handia zen. Emakume-objektua.

IBILIAN IBILIAN gauza asko egin daitezke. Adibidez, IBILIAN IBILIAN ETXERA BIDEAN egitasmoaren aurrean, dagokigun «oinetakoak» jantzi eta mugimenduan murgildu.


ETA GAUR EGUN ZER? Aurrekoen mailara iristen ez badira ere, gaur egungo oinetakoek hainbat desoreka sortzen dituzte. Adituek diotenez, emakumearen oinetakoa da akats gehien dituena, harritzekoa!, gizonezkoenak edota umeenak ere egokiak ez diren arren. Podologoek eta osteopatek gero eta lan handiagoa izango dute.

Oinetako egokienek oinaren formari eta funtzioei egokituta egon behar omen dute. Takoia beharrezkoa bada ere ez edozein neurrikoa. Beraz, zer esan takoi luze eta puntadunez? Soinari irudi estilizatu eman badakioke eta batzuentzat ibilera ikusgarria sortzen badute ere, baztertu egin beharko liratekeela diote adituek.

Oinetako batzuekin edo besteekin pausoak emanez ibili egiten gara. Jarrera, egoera mugimendu eta abarren barruan ere, (txintxo, kontuz, kezkatuta, lanpetuta…) ibil daiteke.

IBILIAN IBILIAN gauza asko egin daitezke. Adibidez, IBILIAN IBILIAN ETXERA BIDEAN egitasmoaren aurrean, dagokion «oinetakoak» jantzi eta mugimenduan murgildu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!