LGTBI kolektiboko pertsonekin konpromisoa agertu du udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 23a, 11:57

Udalbatzak aho batez adierazpen instituzionala onartu du ekainaren 28aren harira eta egunotan deitutako ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu die amasar eta billabonatarrei

Amasa-Villabonako udalbatza osatzen duten alderdi guztiek LGTBI pertsonen eskubideekin urteko egun guztietan duten konpromiso politikoa berretsi dute osoko bilkuran. «Adierazpenetik harago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar da, mugimendu feministako eta LGTBI mugimenduko ordezkari eta adituekin adostu behar diren politiketan».

Honenbestez hainbat konpromiso hartu ditu Amasa-Villabonako udalak. Besteak beste, LGTBI pertsonen egoeraren eta beharren diagnostikoa egingo du beste erakunde, kolektibo eta eragilerekin koordinatuta. «Gure udalerriko LGTBI pertsonen egoerari eta beharrei erantzuteko neurriak hartuko ditugu, egindako diagnostikoari erantzungo dioten ekintzak bultzatuz».

Indarkeria kasuren baten aurrean koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatu eta abian jartzeko konpromisoa hartu du udalak, horretarako, eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatuz. «Hala nola, administrazio formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan». Aldi berean, sexu eta genero disidentziaren gaineko prestakuntza prozesuak ere bultzatuko ditu langile publikoentzat eta arduradun politikoentzat, bereziki, jendeari arreta egokia emateko. 

Sentsibilizazioan azpimarra egin nahi du Amasa-Villabonako Udalak. Alde batetik, gorroto diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezarriz eta sentsibilizazio kanpaina feministak eginez, «sexu genero dikotomiari, heteronormatibitateari, sexu orientazioaren eta genero identitatearen adierazpen aniztasunari buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko».

Zaintzari buruzko lan ildoak aktibatu nahi dituzte ikuspegi feministatik eta adibidez, adinekoen egoitzetan edo eguneko zentroetan hainbat neurri hartzeko asmoa dute, LGTBI pertsonek esparru horietan ere, aukera sexuala eta genero aukera askatasunez bizi ahal izan dezaten. Egoera oso zaurgarrian dauden LGTBI pertsonentzako harrera espazioak sortzeko konpromisoa ere hartu du udalak, adingabeen, migratzaileen eta transexualen berariazko beharrak jasoz. 

Kanpaina berria

Amasa-Villabonako Udalak merkataritza sustatu eta laguntzeko kanpaina bultzatuko du udazkenean Oria merkatari elkartearekin elkarlanean. 60.000 euro bideratuko dira kanpaina horretara eta elkarteak berak kudeatuko du. 54.000 euro erabiliko dira bonuak finantzatzeko eta 6.000 euro gehituko zaizkio Oria merkatari elkartearen hitzarmenari, diru kopuru hori kanpaina honen kudeaketarako erabili dezan.

Astearteko osoko bilkuran, Amasa-Villabonako Udalak aho batez aurrekontuan kreditu aldaketa egitea erabaki zuen udazkeneko kanpaina hau diruz hornitzeko.

El Salvadorreko Jocoaitique herriari laguntza

Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzordean aho batez Amasa-Villabonako udalaren eta Euskal Fondoaren arteko lankidetza hitzarmena onartu zen asteartean.

Hitzarmen honen bidez, Udalak 16.314 euro bideratuko dizkio Euskal Fondoari, honek El Salvadorreko Morazaneko iparraldean kokatzen den Jocoaitique herrian uraren hornidura eta saneamendua hobetzeko proiektua finantzatzatu dezan.

Euskal Fondoaren gidaritzapeko proiektu honen helburua da ur-hornidura hobetzea Meanguera, Jocoatique, Torola, Arambala, Villa El Rosario eta San Fernando komunitateetan; horretarako, arroilen eta ibaien kutsadura murriztuko da ur grisak tratatzeko sistemak abian jarriz San Luis II kolonian zein Milagro de la Paz eta Ladrillera de Meanguera guneetan. Zonalde horretan bizi diren 2.000 biztanle inguruk edateko ura izango dute eta herritar horien baldintza higieniko eta sanitarioak nabarmen hobetuko dira.

Onartu berri den lankidetza hitzarmen honekin, Amasa-Vilabonako Udalak azpimarratu du elkartasun politikekin eta garapenerako nazioarteko lankidetzarekin duen konpromisoari eusten diola.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!