Gogo eta gorputzak. Ezin nion atalari izenburu egokiagorik bilatu. Uda hasiera honetan, beste behin gure gorputzengan jartzen den fokuak itsutzen nau. Ni, nire txikiak beraien gorputzak ezagutu eta maitatzeaz arduratzen nabilen hau. Egunero-egunero emakumeei beraien gorputzak ezagutu eta maitatzen laguntzen saiatzen den hau. Ni ere itota nire gogo eta gorputza biluzteko. Eta pentsatzen jarri naiz, gogoratu nahian, noiztik gertatzen zait hau? Nork edo zerk eragin dit horretan?
Ezin nion atalari izenburu egokiagorik bilatu. Uda hasiera honetan, beste behin gure gorputzengan jartzen den fokuak itsutzen nau.
Eskola garaitik gogoan dut zein ezberdinak ziren gure gorputzak eta nola batzuek zein besteek bagenuela ezaugarriren bat, gu izendatzeko erabiliko zena. Ni orduan ere «txikia». Etxean ere entzuna nuen, aitaren familiako gorpuzkera nuela. Hau ere ez zen bereziki modu positiboan errepikatzen zen kontua. Urteekin konturatu naiz inork ez didala nire gorputza ezagutzen erakutsi, inork ez didala nire gorputzaren edertasunaz hitz egin, inork ez didala zentzu horretan ere ni neu maitatzen erakutsi.
Gogoan dut nerabezaroa, lagunen bularrak hazitzen hasi ziren garaia, beraien lehen hileroko zikloak iritsi zirenekoa eta nola haiek emakume zirela zioten, ni ordea ez. A ze gogoak haiek bezain emakume izateko, nik ez nituen bularrak izateko! Nahiago nuen kirola egin eta etxean dutxatu, aldageletan besteen begietan nire gorputza erakutsi baino. Agian konparatze horrek, norbere gorputza ezagutu, esploratu eta maitatzeko baliabide eta askatasuna ezak ito ninduen. Itomen horretatik sexualitate sano bat garatzea, ez da erraza.
Pozik irakurtzen ditut emakumeon gorputz errealen aldarrikapenak. Eta gutxira haserretzen naute aldarrikapen berberak, makilatutako hitzak soilik direla iruditzen zait eta. Emakume gehienon gorputzak eta aldaerak ordezkatzen ez dituzten fisikodunek hitz egiteak ez dakit zertan laguntzen gaituen. Duela gutxi irakurri nuen konfinamendua hasi zenetik biderkatu egin direla elikadura trastornoak, fokuak itsutu gaituela berriz. Eta jabetzen naiz ez direla hainbeste aldatu gauzak. Gaztetxo, nerabe eta ez hain gazteok badugula oraindik ere kanon eta itxura jakin batzuetan onartuak sentitzeko beharra edota presioa. Agian inoiz baino itogarriago diren kanonak dira, publikoagoak direlako, sareetan daudelako eta gaudelako.
Jantzita zein biluzik, kanpotik eta barrutik, zein eder diren gogorarazteaz arduratuko naiz. Gogotik eta gorputzetik maitatzeaz ardurako naiz.
Eta esan izan didate agian garrantzi gehiegi ematen diodala gaiari. Agian ez diedala hainbeste hitz egin behar nire txikiei beraien gorputzaz, beraien plazeraz, beraien identitateaz eta besteen itxuraz ditugun epaiez. Baina piztu dut telebista, irakurri ditut albisteak, kuxkuxeatu ditut sare sozialak. Eta inoiz baino gehiago asaldatzen naiz. Ito ninduen horrek zerbaitetarako balio dezakeela sinesten dut, nire onarpenak eta lantzen ari naizenaren transmisioak ondorengoak askeago izateko lagundu dezakeela. Jantzita zein biluzik, kanpotik eta barrutik, zein eder diren gogorarazteaz arduratuko naiz. Gogotik eta gorputzetik maitatzeaz arduratuko naiz.