Orain berdina pentsatzen dut, baina betidanik entzun izan ditudan hainbat esaldi desberdin barneratzen hasi naiz. Esaterako, miresmena merezi duen emakume horietako batek aitortzen didanean, alaba txikia zenean «bere buruaren gainetik pasa» zela askotan. Edo entzun ditudanean errua soinetik eranzteko zailtasunak dituzten emakume langile edo sozialki aktiboen testigantzak, edo errurik ez sentitzea lortu duten horiek nola epaitzen dituzten. Edo betidanik ezagutu dudan salaketa haragi-bizian sentitzean: «Sistemak amei eskatzen die zaintzaz arduratuko ez balira bezala lan egiteko, eta lanik ez balute bezala arduratzeko zaintzaz».
Lehen belarritik ulertzen nituen, buruan ematen nien leku. Orain gorputz osoz ari naiz ulertzen, azaletik sartu zaizkit, baina iritsi sabelera, orbainetara, hezur-muinera eta (nuenik ere ia ez nekien) zoru pelbikora. Gorputza ari zait esaldi horiek berreskuratzen, behin eta berriz. Eta etxetik hasita, super-emakumetzat jo nituen horiek berrirakurtzen hasi naiz. Ama ahizpatu zait, sekula ez bezala.
Miretsi nituen emakume haiei begira eraiki dut nire amatasun eredua, eta haien pausua oztopatu zuen harri berean egin estropezu. Batzuetan erori egin behar dugu «kontuz, zuloa» zioen kartela ulertzeko. Ni ere erori ostean hasi naiz banekienaz ohartzen.
Super-amak eta super-emakumeak ez direlako tranpa sofistikatu bat baino, emakumeon gainkarga txalotu eta zama hori banatzeaz ez hitz egiteko
Super-amak eta super-emakumeak ez direlako tranpa sofistikatu bat baino, emakumeon gainkarga txalotu eta zama hori banatzeaz ez hitz egiteko. Horregatik ez dut ez super-ama eta ez super-emakume izan nahi. Nik ere sentitu dudalako ispilu horri begira presioa, haurra jaiotakoan aurrez nintzenari eusteko (orain hori eta gehiago ez banintz bezala). Sentitu dudalako produktibo izaten jarraitu beharra, «nire buruaren gainetik» pasa behar izan badut ere. Eta sufritu dut helburu altuegia horietara iritsi ezina.
Horregatik, norbaitek «zer ez duzu egiten!», edo nik noizbait bezala «nola egiten duzu hori guztia?» esaten didanean, kezka sentitzen dut. «Ba erdizka», edo «gaizki», edo «kontuz, zuloa» erantzun nahi nuke. Ez dudalako nik sentitu dudan presio hori eragin nahi beste inorengan. Ez dudalako inoren pausuen azpian zabalduko den zulo izan nahi.