Txermin, Altzin, Erniobea eta Kale Berriko ur hoditeria berritzeko lanak egingo dituzte

Ataria 2021eko ekainaren 21a

Azaroaren 29ra arte luzatuko dira lanak eta fase ezberdinetan egingo dituzte.

Txermin, Altzin, Erniobea eta Kale Berria 15ean ur hoditeria aldatzeko lanak hasiko dira ekainaren 21ean. Horrela, ur hornikuntzarako hodi berriak jartzeaz gain, saneamendu sarean ere hobekuntzak egingo dira, gaur egungo hoditeria zaharkituta baitago.

Aurreikusitakoaren arabera, lan hauek ekainaren 21ean hasiko dira, eta azaroaren 29ra arte luzatuko dira.

  • Ekainaren 21etik abuztuaren 1era  Txermin auzotik Arratzainera igotzeko N1 errepidearen azpialdean dagoen tunelaren inguruan egingo dituzte lanak,  Zubimusu ikastolaren zonaldean.
  • Bestetik, abuztuaren 2tik azaroaren 29ra Altzin auzoa eta Kale Berria 15 inguruko zonaldean arituko dira; Zubimusu ikastolatik Iru Aldeta tabernaraino doan kalean, eta Erniobea kalean, osasun etxearen inguruan.

Ikusi hemen planoa eta obraren faseak.

Gutxi gora behera 5 hilabeteko iraupena izango duten lan hauen sustatzailea Gipuzkoako Ur Kontsorzioa da eta Urbycolan enpresa izango da obrak burutuko dituena. Guztira, 331.739 euro bideratu dira ur hornikuntza hobetzeko lan hauetara. Amasa-Villabonako Udalak, bere aldetik, lan hauek baliatuko ditu ingurumen legedia bete ahal izateko ezinbestekoa den euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak egiteko, eta 9.626 euroko inbertsioa egingo du horretarako.

Sortu daitezkeen trabak murrizteko, obrako arduradunekin harreman zuzenean dago udala eta elkarlanean ari da, sortu daitezkeen eragozpenak ahalik eta arinenak izan daitezen. Informazio honen guztiaren berri emateko, bando bat argitaratu eta itsatsi dute zonaldeko bizilagunen etxe atarietan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!