Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plana onartzeko eskatu du PSE-EEk

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 18a, 09:00

Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plana onartzeko eskatu dio PSE-EEren udal taldeak EH Bilduren gobernuari, udal langileei aurretiko erretiroagatik prima baten ordainketa aplikatu ahal izan dezan.

Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistaren esanetan aurretiko erretiroagatik prima jasotzeko eskubidea Villabonako Udalaren Hitzarmen Kolektiboan jasota dago. Osoko bilkurak onartu zuen, eta udal funtzionarioen lan baldintzak hobetzeko akordioa izan zen.

Ohar batean, PSE-EEko zinegotziak bere babesa eman die udal langileei, eta esan duenez, "egun 40 langileetatik 10, hots, % 25 datozen 5 eta 6 urteetan erretiroa hartuko dute. Aurten bat erretiratuko da, eta, beraz, Villabonako Udalaren Hitzarmen Kolektiboa betetzera behartzen gaitu. Are gehiago, hurrengo urtetan, gutxienez, 2 langile gehiago erretiroa hartuko dute eta, hortik aurrera, langile gehiagok eskatuko dute hitzarmen kolektiboa betetzea".

Villabonako Udalaren Hitzarmen Kolektiboko klausuletako batean irakurri daiteke aurretiko erretreta hartzeagatik prima bat jasotzeko eskubidea dutela langileek. Horregatik, Beatriz Unzue Villabonako alkateari egoera honi irtenbidea emateko eskatu dio Arijak, langile publiko guztien arduradun nagusia baita. Aitzitik, Amasa-Villabonako Udaleko bake soziala "haustea" leporatu dio, "langileei kalte egiten ari baita.

Langile horiek erretiroa har dezaten, Amasa-Villabonako Udalak erretiro pentsioan izango duten diru sarreren galera konpentsatzea erabaki zuen, erretiro aurrekoa hartzeagatik. Hala ere, Arijaren esanetan, "EH Bilduren gobernua langile baten aurretiko erretiroaren aurrean hitzarmen kolektiboaren klausula aplikatzeari uko egiten ari da, ezin dutela ordaindu argudiatuz". Legeak esaten duena da galera hori konpentsatzeko diru saria ordaindu ahal izateko udalak Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plan bat onartuta eduki behar duela. Plan hori onartzeko eskatu du Maria Luisa Arijak eta bere esanetan udal gobernuak uko egin dio onartzeari.

Amaitzeko, PSE-EEk zehaztu du ez duela prima udaltzainen kasuetan aplikatzerik nahi. Hori da salbuespen bakarra, %100ek aurretiko erretiroa hartzen baitute, eta diru sarrerak murrizten ez dituztelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!