Amasara doan errepidea egokitzeko proiektua aurkeztu du udalak aldundian

Ataria 2021eko ekainaren 18a

Amasa-Villabonako Udalak urratsak ematen jarraitzen du Villabona eta Amasa lotzen dituen GI-3751 errepidearen egoera hobetzeko.

Amasa-Villabonako Udalaren esanetan Amasa eta Villabona arteko errepideak dituen baldintzak ez dira batere egokiak eta arrisku nabarmena suposatzen du bai autoen trafikoarentzat eta baita errepide ondotik igarotzen diren oinezkoentzat ere. Hau ikusita, Amasako hainbat bizilagun elkartu eta udalari errepidea zabaltzeko eta oinezkoentzat espaloi bat eraikitzeko neurriak hartzea eskatu zioten 2020ko otsailean. Eskaera jaso ondoren, 2020ko martxoan Amasa-Villabonako udalbatzak Erakunde Adierazpena onartu zuen aho batez.

Ondoren, 2020ko irailean, udal ordezkariak eta Amasako herritarren ordezkaritza bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura saileko arduradunekin bildu ziren gaia mahai gainean jartzeko. Bilera horretan, udalak errepidea zabaldu eta oinezkoentzat espaloi bat eraikitzeko aurre-proiektu bat idazteko konpromisoa hartu zuen, nahiz eta errepide hori ez den udalaren eskumenekoa. 

Konpromiso horri jarraiki, udalak Ingelan arkitektura eta ingeniaritza enpresa kontratatu zuen aurre-proiektu hori erredaktatzeko lanak egiteko. Guztira udalak 7.562 euroko inbertsioa egin du horretarako eta Ingelan enpresak apirilean aurkeztu zion aurre-proiektuaren dokumentazioa udalari. Aurreproiektua eskuan izanda, udal gobernuak Amasan elkartzen ari diren herritarrekin partekatu zuen eta bilera bat egin zen proiektu horren egokitasuna aztertzeko. Zalantza batzuk gora-behera, proiektua ontzat eman zen eta Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztea eta Bide Azpiegituren saileko arduradunei entregatzea adostu zen.

Bilera aldundian

Udalak proiektua entregatu du eta urratsak emateko eskaera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Ekainak 16an, Beatriz Unzue alkatea, Xabat Laborde hirigintza zinegotzia eta Luis Mari Otegi gai honen bueltan elkartu diren Amasako bizilagunen ordezkaria, Donostiako Miramon auzoan izan ziren aldundiko Bide Azpiegituretako sailaren egoitzan. Bertan egindako bilkuran, Amasara doan errepidea zabaltzeko proiektua aurkeztu eta entregatu zieten aldundiko arduradun teknikoei.

Horrekin batera, udalak eta Amasako bizilagunek errepide horren inguruan dituen kezkak azaldu zizkieten aldundiko arduradunei; segurtasunari dagokionez errepide arriskutsua da eta ezbeharren bat gertatzeko aukerak hor daude, bestalde Villabonatik Amasara (eta alderantziz) oinez joateko gaur egun dauden bideek ez dituzte gutxieneko irisgarritasun baldintzak betetzen aldapa handiak dituztelako eta abar.

Ondorioz, Beatriz Unzue alkateak errepide hori zabaltzea eta oinezkoentzat espaloi seguru bat eraikitzea lehentasunezko eginbeharra dela adierazi zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiari heldu beharko liokeela aldarrikatu zuen. Izan ere, errepide horren jabetza Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eta ondorioz erakunde hori da errepide horren egoeraren arduraduna. 

Eskaera horren aurrean, aldundiko ordezkari teknikoek zalantzak agertu zituzten, oinezkoentzat bideak egitea beraien arduren artean ez dagoela adieraziz. Hala ere, ez zuten egitasmoa baztertu. Aurrerantzean gai honen inguruan hitz egiten jarraitzeko eta elkarlanean sakontzeko prestutasuna adierazi zuten bi aldeek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!