Udako programazioa «duina eta askotarikoa» izango da Villabonan

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 17a, 07:59

Ekainaren 19an hasi eta uztailaren 31ra arte 23 kultur jarduera egingo dira Amasa-Villabonan, eta horrekin batera, haur eta helduentzako aisialdi ekintzak ere antolatuko dira

Pandemia egoeran pilaketak saihesteko jai batzordeak Santio jairik ez egitea erabaki du aurtengoan ere. Beatriz Unzue alkatearen ustetan, herritarrek hilabeteotan ez dituzte kultura, aisialdia eta kirola alde batera utzi nahi izan. Horregatik, eta eskaintzari segida emateko, udako programazio «duina eta askotarikoa» prestatu dute udaletik. «Espero dugu denok gozatzea eta guztiok egoerak eskatzen duen arduraz jokatzea», esan du Amasa-Villabonako alkateak.

Antolatutako «kalitatezko» programazioarekin bi helburu bete nahi dituztela azpimarratu du Unzuek: «Ahal den neurrian herritarrak herrian geratzea, eta aldi berean, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreari laguntzea, une zailean baitaude». Gustu guztietarako eskaintza da prestatu dutena, eta aurreratu dutenez, ia ekitaldi guztiak kalean egingo dituzte.

Joxean Cubero kultura teknikariak uztailaren 31ra bitartean 23 ekitaldi egingo direla esan du: «Lau dantza ikuskizun, hamar kontzertu, bi haurrentzako film, bi bertso ikuskizun eta arte eszenikoen inguruko bost proposamen izango dira».

Bere aldetik, Aitziber Murua kirol, hezkuntza eta gazteria teknikariak aisialdiko eskaintza azpimarratu du: «Herritarren beharrak ase nahian antolatu dira ekitaldiak, herritarren iritziak kontuan hartuz. Elkarlana sustutatu dugu eta hainbat ekintza antolatuko dira kirol eta aisialdi arloan". Besteak beste, helduentzat bingoa, haurrentzat pump track-a eta ur parkea egingo dituzte aurten. Kirolari dagokionez, elkarte ezberdinekin lankidetzan, Behar Zanak pilota txapelketa, Irrintzik errepideko txirrindulari lasterketa eta Zakur Zaunka elkarteak urteroko lehiaketa antolatuko dituzte.

Amaitzeko Beatriz Unzue alkateak egitarauan agertzen ez diren bi ekimenetan egin du azpimarra: iazko etenaren ostean aurten berreskuratuko den Atari Bizi lehiaketa, balkoi eta atari ederrenak sarituko dituena; eta bestetik Remi Gogoan herri ekimenak uztailaren 31n antolatuko duen urteroko ekitaldia.

UDAKO PROGRAMAZIOA

Ekainak 19, larunbata

19:00. Orainmenean bertso saio berezia Amasako elizan.

Ekainak 20, igandea

19:00. GenEroa dantza eta mediazio saioa Kimua dantza kolektiboaren eskutik Errebote plazan.

Ekainak 25, ostirala

19:00. Frontona kale antzerkia Errebote plazan.

Ekainak 27, igandea

19;00. Hiru hitzetan dantza ikuskizuna Errebote plazan.

Uztailak 1, osteguna

19:00. Loatzo soka taldearen emanaldia Onddo plazan.

Uztailak 2, ostirala

19:00. Amalur plazan zinema kalean: Asto erregea.

Uztailak 4, igandea

19:00. Errebote plazan Errimak bi oinetan dantza ikuskizuna.

Uztailak 8, osteguna

19:00. Errebote plazan Esne Beltza eta Amak taldeek musika emanaldia eskainiko dute.

Uztailak 9, ostirala

19:00. Amalur plazan Hodei magoa.

Uztailak 11, igandea

19:00. Gazte ikuskizuna Oinkari eta Hikaren eskutik Errebote plazan.

Uztailak 14, asteazkena

19:00. Anakruxa taldearen emanaldia Onddo plazan.

Uztailak 15, osteguna

19:00. Gari, Lontxo eta Joselontxo pailazoak Amalur plazan.

Uztailak 16, ostirala

19:00. Errebote plazan Idoia musikaria.

Uztailak 18, igandea

19:00. Kale gorrian kale antzerkia Errebote plazan.

Uztailak 22, osteguna

19:00. Gurea antzokian Degenerate mucho antzerkia.

Uztailak 23, ostirala

19:00. Makulu Ken taldearen kontzertua Errebote plazan.

Uztailak 24, larunbata

22:00. Korrontzi eta Oinkariren emanaldia Arroako plazan.

Uztailak 25, igandea

13:00. Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal Txistulari plazan.

19:00. Bertsolariak Arroako plazan.

Uztailak 26, igandea

19:00. Txistulari plazan The nowhere plan bikotearen kontzertua.

Uztailak 29, osteguna

19:00. Dupla taldea Errebote plazan.

Uztailak 30, ostirala

19:00. Amalur plazan zinema kalean: Zikoinak.

Uztailak 31, larunbata

13:00. Eresargi Txiki abesbatzaren emanaldia Gurea antzokian.

Ikusi egitarau osoa hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!