ELKARRIZKETA

«Beka honekin sormen lan bat egin ahal izatea pribilegio bat da»

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 16a, 07:59

Udalbiltzak 26 sortzaile hautatu ditu beste hainbeste udalerritan euren sormen lana garatu dezaten; 'Geuretik Sortuak' bekarekin hiru aste egingo ditu Maitane Perez Argotek Amasa-Villabonan.

Hiru asteko egonaldia egingo du Maitane Perez Argotek (Iruña, 1985) Amasa-Villabonan, orain bi aste eta abuztuan beste bat. Begiak zabal-zabalik inguruan gertatzen den guztiari adi begiratzen dio.

Zer moduzko harrera egin dizute Amasa-Villabonan?

Oso harrera polita izan da. Udaletxeko arduradunek oso ongi hartu naute. Momentuz etxean bezala sentitzen naiz. Zonaldea ezagutzen nuen, Tolosaldeko zenbait tokitan aritu izan bainaiz antzerki lanak eskaintzen, baina sekula egon gabea nintzen Amasa-Villabonan. Aurkikuntza bat izan da niretzat.

Zer nolako proposamena luzatu zenuen 'Geuretik Sortuak' bekarako?

Nahikoa proiektu irekia aurkeztu nuen, momentu horretan, ez nekielako zein herri egokituko zitzaidan. Zenbait ardatz edo gai planteatu nituen abiapuntu gisa, gero herrian topatutakoarekin idaztea baita helburua. Ardatz horietako batzuk dira: jatorria, pertenentzia behar hori, herrien arteko loturak eta transmisioa, hizkuntza, esamoldeak, hizkera eta musika ere aipatu nuen proposamenean, tokian tokiko bertso eta koplak biltzea interesatzen zitzaidan.

Antzerkigile eta aktore gisa egin duzu ibilbidea. Idaztearena nondik dator?

Formakuntzarik ez dut, baina txikitatik asko idatzi izan dut etxean. Etxekoek bultzatu naute horretara. Gurasoek liburuak asko maite dituzte eta anaia eta biok hori jaso dugu. Heldutan literatur lehiaketetara aurkeztu izan naiz eta antzerki testuak ere idatzi izan ditut.

Sorkuntza prozesuaren emaitza narrazio bat izango da. Zer aurreratu dezakezu lanaz?

Ezer gutxi. Idazketa lanak 20 eta 40 orri bitarteko luzera izango duela, hori da aurreratu daitekeena. Gainerako guztia librea da, baina noski, egonaldia egiten ari garen herriak nolabait agertu behar du obra horretan. Ez du zertan izen eta guzti agertu behar, baina presente egon behar du.

Egonaldia herriaren izaera jasotzeko baliatuko duzu?

Bai, hemen nago nagusiki hausnartzeko. Hiru aste hauek horretan emango ditut eta paseatuz lekuak eta txokoak deskubrituko ditut. Horrekin batera, niretzat inportanteena, jendearekin egotea da. Dagoeneko hasi naiz jende mota ezberdinarekin hizketan eta haiek herriaz kontatzeko duten guztia entzuteko prest nago. Hortik identifikatuko ditut narraziorako gaiak.

Zeinekin elkartu zara?

Alkateak eta alkate ordeak asko lagundu didate jendearekin harremanetan jartzen. Inguruko herrietako jendearekin ere bilduko naiz, Tolosa, Aduna edo Asteasuko jendearekin. Lanak ez dut zertan hemen nagoela idatzi behar, beraz, bilketa izango da egingo dudana. Irailaren 17ra bitarteko epea dut narrazioa idazteko.

Non egingo duzu egonaldia?

Herrian ostaturik ez dagoenez, emergentzia egoeretarako udalak duen pisuan hartu dut ostatu. Oso leku erosoa eta atsegina da niretzat lanean aritzeko.

Nola baloratzen duzu sorkuntzarako Udalbiltzak eta udalerriek martxan jarritako beka?

Primeran. Normalean sortzaileok korrika eta presaka prestatzen ditugu lanak. Zoritxarrez sormen prozesuari ez zaio hainbesteko garrantzia ematen, gehienetan argudio ekonomikoek eta epeek gain hartzen digutelako. Beka honekin sormen lan bat egin ahal izatea pribilegio bat da, izugarrizkoa. Sormen prozesua beste puntu batetik abiatzen da, modu naturalean, eta izugarri eskertzen diot Udalbiltzari nire proposamena aukeratu izana.

Zer egiteko asmoa du Udalbiltzak zuek egindako lanarekin?

Beste 25 artista dabiltza Euskal Herri osoko herrietan nirea bezalako egonaldiak egiten. Badira antzerkigileak eta ikus-entzunezko lanak egiten ari direnak. Idazleak dozena bat gara eta guk idatzitako narrazio guztiekin bilduma bat editatuko du Udalbiltzak. 2022an liburu horren aurkezpenak egingo dira, eta printzipioz, egonaldia egin dugun herrietara joango gara sortzaileak lana aurkeztera. Iruditzen zait amaiera polita eta biribila ematen zaiola esperientziari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!