Legealdi erdia beteta "etsipena' adierazi du PSE-EEk

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 15a, 12:00

Amasa-Villabonako PSE-EEko udal taldeak legealdiaren erdia bete denean esku orri bat banatu du herrian, orain arteko udal jardunaren balantzea eginez.

Maria Luisa Arija Amasa-Villabonako udal talde sozialistaren bozeramailea atsekabetuta agertu da EH Bilduren udal gobernua legealdi honetan egiten ari den kudeaketarekin. "Villabonak ez du merezi udal gobernu bat zeinak krisi sanitario, sozial eta ekonomiko garaian, soilik identitate politikak defendatzen dituzten elkarteetan xahutzen dituen baliabideak; gure bizilagunetako inor hezkuntza, etxebizitza eta kulturarako sarbiderik gabe gera ez dadin bideratu beharko lituzke udal baliabideak horrelakoetara beharrean".

Zizurkil-Villabonako PSE-EEk legegintzaldiaren erdialdeko balantzea jaso du Villabonan banatu den liburuxka batean; bertan, Arijak azaldu du bere lana "eraikitzailea eta gardena" izan dela, billabonatarrak bere ekintza politikoaren erdigunean jarrita. Hala ere, aitortu duenez, "askotan zaila da lan hori egitea, aurrean gehiengo absolutua duen eta gainerako udal taldeek egiten ditugun proposamen guztiak baztertzen dituen udal gobernu bat dagoenean".

Are gehiago, COVID-19ren krisiak Villabonako familietan, merkataritzan eta ostalaritzan eragin dituen ondorio larriak ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa du zinegotzi sozialistak "indarrak batzea" pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialak arinduko dituzten neurriak onartzeko.

Arijak azaldu duenez, udal gobernuak aurrekontuan sozialistek aurkeztutako lau zuzenketa onartu ditu: negozio berrien irekiera diruz laguntzea, tokiko merkataritzarako webgune bat sortzea, tokiko merkataritzan eskola-materiala erosteko laguntza ekonomikoa ematea eta Villabonak eskaintzen dituen zerbitzuen mugikortasuna eta ulermena erraztuko duten piktogramak jartzea. Hala ere, proposatutako ekimenak asko izan direla esan du bozeramale sozialistak, eta nabarmendu du udal gobernuak errefusatu egin dituela horietako batzuk, zehazki ostalaritzari eta tokiko merkataritzari laguntzera bideratutakoak, Arijaren ustez, "COVID-19k bultzatutako krisi ekonomikoak gehien kaltetu dituenak dira".

Azkenik, Villabonako PSE-EEk fatxadak konpontzeko obretarako diru laguntzen lerro bat sortzea proposatu zuen, baita gazteei etxebizitzak alokatzeko diru laguntzen lerro bat sortzea ere; Arijari ulertezina egiten zaio 2021eko aurrekontuan ingurumenarekin lotutako jarduerak egiten dituzten elkarteentzako diru laguntzak desagertu izana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!