'Argiantza' liburuagatik 111 Akademia Saria jaso du Pello Lizarraldek

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 11a, 13:58

Amasako Hika txakolindegian antolatu du sari banaketa ekitaldia 111 Akademiak. Akademiakideek Lizarralderen liburua hautatu dute 2020an argitaratutakoen artean.

Iazko sari banaketa ekitaldia bertan behera geratu ondoren, Amasako Hika txakolindegian banatu zuen ekainaren 10ean, 2020ko 111 Akademia Saria. Hiru bozketa txandaren ostean, akademiakideek Pello Lizarralderen Argiantza nobela hautatu dute iaz kaleratutako liburuen artean gustukoen.

Ane Jalon Manuel Larramendi kultur bazkuneko lehendakariak eman zion hasiera sari banaketa ekitaldiari eta akademian biltzen diren 200 kideek euskal literatura bizirik mantentzen dutela nabarmendu zuen: "Euskal Literatur, zuek gabe, ez baita deus". Akademiakideen %70ak esku hartze zuzena izan du sari honen ebazpenean. Datu esanguratsua dela nabarmendu zuen Jalonek eta eskerrak eman zizkien akademian biltzen diren kideei. "Ez da bide erraza izan, zinez neketsu eta zaila gertatu da baina aurrera egin dugu".

Manuel Larramendi bazkuneko kideen eskutik jaso zuen Pello Lizarraldek 2020ko 111 Akademia Saria, Argiantza liburu koadernatua. Poz berezia adierazi zuen idazle nafarrak sariaren atzean irakurle zabal bat dagoela ikusita. "Irakurleak ez du beti arrazoi, baina irakurle bakoitzak bere arrazoiak ditu. Gauza bat argi daukat: nik ez dakit benetan zer idatzi dudan, harik eta nik idatzi dudan hori irakurle batek irakurri arte. Horrekin aski dela uste dut".

Sari emate ekitaldian Argiantza obraren pasarteak irakurri zituen Garazi Kamio andoaindarrak eta Manuel Larramendi kultur bazkuneko buru Jon Unanuek akademiakideek liburuaz egindako iruzkinak aipatu zituen. Don Inorrez taldeak girotu zuen sari emate ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!