Elkarrizketa

«Lorpen handiena baino, politena izan da»

Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 9a, 11:59
Itziar Gastearena, baloiarekin, partida batean.

Esperientzia berria bizi ahal izan du aurtengoan Itziar Gastearenak, ez baita urtero Lehen Mailara igo izana ospatzea egokitzen.

Lehen aldiz igo da Alaves taldea Lehen Mailara eta bertako jokalaria da Itziar Gastearena (Villabona, 1993). Ez da berarentzat zerbait berria izango, Realarekin aritu izan baita maila horretan lehiatzen.

Zer suposatu du Lehen Mailara igotzeak?

Egia esan oraindik ez dugu guztiz sinesten igoera hori, baina azkenean errealitate bihurtu da urte hauetan lortu nahi genuena.

Hori zen aurtengo helburu garbia taldearentzat?

Aurreko urtean gehiago pentsatzen genuen igoera horretan, eta aurten bi fase izan direnez, ez genuen igoera hain presente eta horrek lagundu du.

Klubarentzat berezia izango da, bi talde nagusiak Lehen Mailan dituelako.

Bai, gainera aurten Alavesen ehungarren urteurrena da. Mutilak ere azken unera arte egon dira borrokan ez jaisteko, eta uste dut urte borobila izan dela klubarentzat.

Azken partidara arte ez zenuten lortu igoera. Nola bizitu zenuen?

Azken aurreko partidan ere, Oviedoren aurka, aukera genuen igotzeko, irabazi izan bagenu. Atletico Madrilen kontra jokatu genuen azken partidan lortu behar izan genuen igoera, baina uste dut urduriago geundela Oviedoren aurkakoan. Agian partida hori etxean zelako, normalean ikustera joaten ez zen jendea joan zelako ere bai; buelta asko eman zitzaion partida horri eta uste dut kalte egin zigula. Azken partidarako igoera gure esku zegoela bagenekien; urduritasun puntua bagenuen, baina aldi berean lasai geunden, eta bagenekien lortu egingo genuela.

Epailaren azken txistua entzutea berezia izango zen.

Ni zelai barruan nengoen, 0-2 irabazten gindoazen, eta bagenekien 10 minutu falta zirela zaila izango zela partida galtzea. Hor urduritasuna gero eta handiagoa zen, eta amaierako txistua jo zuenean sekulakoa izan zen guztiontzat.

Futbolari bezala zure lorpen handiena dela esango zenuke?

Lorpen handiena baino gehiago, politena. Realean aritu izan naiz Lehen Mailan, baina zuzenean hor hasten zara. Ez da berdina talde batekin zu igotzea Lehen Mailara. Uste dut sekulako esperientzia izan dela aurtengoa, bukaerara arte tentsio hori izatea. Futbolari bezala oso polita izan da.

Zer aldatuko da Bigarren Mailatik Lehen Mailara?

Ikusten ari gara futbola nola ari den aldatzen. Begira Bartzelonak zer lortu duen, Liga, Champions txapelketa eta Kopa irabaziz. Emakumezkoen futbol taldeetan sekulako pausoak ematen ari direla ikusten ari gara eta, beraz, badakigu maila asko igoko dela, baina gu talde berri bezala goaz, ez dugu ezer galtzeko eta disfrutatzera joango gara.

Bigarren urtea duzu Alavesen. Ze ibilbide egin duzu bertara iritsi arte?

Realak denboraldi erdian fitxatu ninduen, eta bertan zortzi urte eta erdi egon nintzen. Gero Eibarrera joan nintzen, eta han urtebete egin eta gero, Alavesera etorri nintzen.

Realera joan aurretik Tolosan egon zinen.

Bai, Villabonak talderik ez zuenez, eskolaz kanpoko jardueretan areto futbolean ibiltzen nintzen. Tolosak nirekin kontatu zuen; osaba entrenatzen aritzen zen eta lehengusuak ere hor ibiltzen ziren. Oso gustura egon nintzen; gazte-gaztea nintzen, jende helduagoarekin ibili nintzen, eta lagundu zidan pertsona zein futbolari bezala hazteko.

Ikusten duzu aldatzen ari dela orokorrean emakumezkoen futbolaren egoera?

Asko hazten ari da emakumezkoen futbola eta asko egiten du hedabideek ikusgarritasuna emateak. Orain telebista ere asko sartu da, batez ere Lehen Mailan, eta pixkana jendea ere engantxatzen ari da.

Alaves kluba apustua egiten ari da emakumezkoen futbolean?

Lau urte daramatza taldeak eta dagoeneko Lehen Mailara igotzeak asko esaten du. Klubak asko inbertitu du proiektu honetan, aurrerapauso handiak egin dira denbora gutxian eta ikusten da Alaves indarra ematen ari zaiola emakumezkoen taldeari.

Zu zeu nola sentitzen zara taldean?

Zortea izan dut entrenatzaileak konfiantza handia jarri duelako nigan eta uste dut ondo erantzun dudala. Nahiko konstantea naiz eta gustatzen zait postua borrokatzea; uste dut oso langilea naizela eta lortu dut postua irabaztea eta oso gustura nago pertsonalki. Azkenean, jolasten ari zarenean taldeko parte sentitzen zara eta hori ere garrantzitsua da gustura egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!