Gogoeta prozesu parte hartzailea abiatu dute Katean

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 1a, 07:59

Amasa-Villabonako gaztelekuak 10 urte bete ditu eta zerbitzua hobetu eta zabaltzeko helburuarekin, gazteen beharrak identifikatuko dituzte prozesuan

Aurten amaituko da Katea gaztelekua kudeatzeko zerbitzu kontratua eta oraingo momentua egoki ikusi du Amasa-Villabonako Udalak, hamar urteotako ibilbidea aztertu eta zerbitzua hobetzeko aldaketak egiteko. Horretarako prozesu parte hartzailea jarri du martxan eta Amagoia Agirre Hezkuntza zinegotziak aipatu duenez, hilabeteotan herriko gazteen iritzi eta beharrak «erdigunean» jarriko dituzte, «zerbitzuaren inguruko hausnarketa egin eta kontratu berrian beharrezko aldaketak txertatzeko». Maindi elkarteak kudeatzen du gaur egun Katea gaztelekua eta bertan aritzen diren hezitzaileek diseinatu dute prozesua.

Lehen fasea ekainera bitartean gauzatuko dute eta 12 eta 17 urte bitarteko nerabe eta gazteen iritziak bildu eta haien beharrak identifikatuko dituzte. Herriko ikastetxeekin lankidetzan arituko dira hezitzaileak, gaur egun gaztelekua erabiltzen ez duten gazteengana ere iristeko. Adin tarteen arabera prestatutako galdetegia banatuko dute nerabeen artean eta gaztelekuaren ordutegi, espazio eta materialen inguruan galdetuko zaie. Maitane Bravo eta Garikoitz Iturbe hezitzaileek gidatuko dute prozesua eta galdetegia banatzeaz gainera dinamikak garatuko dituzte nerabeekin. «Egoera bat proposatuko diegu eta hutsik dagoen lokal bat irudikatu dezaten eskatuko diegu. Espazio hori nola beteko luketen azaldu beharko dute», esan du Bravok.

12 eta 17 urte arteko gazteen gurasoen artean ere banatuko dute galdetegi bat gaztelekuaz duten iritzia jakiteko. Behin emaitzak jaso ondoren, uztaila aldera bilduko da prozesuaren jarraipen batzordea, bi hezitzaileek eta Aitziber Murua Gazteria saileko teknikariak osatzen dutena, udal ordezkariekin batera. Agirrek jakinarazi duenez, oposizioko alderdietako kideei ere gonbidapena luzatuko zaie lantaldean parte hartzeko.

Amasa-Villabonako nerabeen topagune da Katea gaztelekua eta Hezkuntza zinegotziaren esanetan, «espazio hezitzailea da, integraziorako gunea». Hezitzaileek urteotan egindako lanarekin «oso pozik» daudela adierazi du Agirrek, baina aitortu du nerabe kopurua ez dela nahi bezain bestekoa eta ez dakitela zenbateraino erantzuten zaien gazteen beharrei. «Hamargarren urteurrena okasio polita iruditu zaigu zerbitzuaren berrikuspena egiteko. Udal honentzat proiektu garrantzitsua da gaztelekua, aurrekontu handia duena eta gazteen alde egiten dugun apustuaren erakusgarri da».

Parte hartze prozesuaren bigarren fasea irailetik abendura gauzatuko dute eta 9 eta 11 urte arteko gaztetxoengana zabalduko dute dinamika. Amasa-Villabonan ez dago ludotekarik eta adin tarte horretako gazteak «umezurtz» geratzen direla uste du Agirrek: «Haur parkeetan ibiltzeko helduegiak eta gaztelekuan sartzeko gazteegiak dira, eta herrian ez dute espazio egokirik euren aisialdirako. Haien iritzia zein den jakin ondoren, gaztelekuak behar horietako batzuk ase ote ditzakeen aztertuko dugu». Bigarren fase honetan ere ikastetxeekin elkarlanean arituko dira hezitzaileak eta Bravok azaldu duenez adinari egokitutako mugimendu dinamikak eta ahozko elkarrizketak egingo dituzte. 9 eta 11 urte arteko gazteen gurasoen iritzi eta hausnarketak ere jasoko dituzte.

Urtea amaitu bitartean gauzatuko da parte hartze prozesua eta jarraipen batzordeak orduan egingo ditu publiko jasotako datuen interpretazioak eta ateratako ondorioak. Ibilbide horretan guztian Oinherri elkartearen aholkularitza presente edukiko dutela aipatu du Hezkuntza zinegotziak: «Amasa-Villabonak sinatu berri du hitzarmena herri hezitzaileak sustatzeko elkartearekin, eta honenbestez, Oinherrik bultzatzen dituen printzipio horiek gidatuko dute prozesua. Gu ere bat gatoz haurtzaroaren kultura aitortzearekin, eta hain zuzen, gaztetxoen benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena ahalbidetzeko jarri dugu prozesua martxan. Uste dugu gaztelekua balio hezitzaileetan sakontzeko tresna dela, eta euskara, parekidetasuna edota aniztasuna ardatz hartuta, integraziorako espazio bat izan daitekeela. Dena den, gaztetxoen hezkuntzan parte hartzen duten eragile gehiago ere badago herrian eta komunitate hori saretu nahi genuke prozesuaren bitartez».

AUKERA ASKOKO ETXEA

Villabonako Kale Nagusiaren eta Kale Berriaren artean dago kokatuta Katea etxea eta bertan du egoitza herriko gaztelekuak. «Toki pribilegiatua da», aipatu du Bravok, «herriaren erdigunean dago eta badakigu gazte askok elkartzeko erreferentzia gune bezala erabiltzen duela».

Hiru solairuko egoitza da. Beheko partean terraza eta belardia egoteaz gainera, egongela ezberdinak eta sukaldea dituzte; lehen solairuan, udal bulegoekin batera, salto gela deitzen diotena daukate; eta azken solairuan, ikus-entzunezkoak eskaintzeko gela eta elkarrekin egoteko egongela itxiak dituzte. «Salto gela da arrakastatsuena, baina orain pandemiagatik itxita daukagu. Orain beheko solairua, terraza eta jardina baino ezin dute erabili gazteek», esan du Bravok.

Hezitzaileek arreta zuzena eskaintzen diete erabiltzaileei. Gaztelekura gerturatzen diren kuadrillek espazioak erabiltzen dituzten bitartean behaketa egin eta haien beharrak atzematen dituzte, gero esku hartze zehatzak prestatu eta estrategiak diseinatzeko. «Haien beharrak identifikatzen ditugu eta baita ahulguneak ere; saiatzen gara elkarbizitza eta errespetu balioak bultzatzen eta gazteen sormena pizten pertsona geroz eta autonomoagoak izan daitezen». Asteazkenetan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara egoten da zabalik gaztelekua, eta ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan, 17:00etatik 20:00etara.

Orain, proiektu hezitzaile honetan interesa dutenei entzun eta haien iritziak kontuan hartuta, gazteei eta nerabeei zuzendutako udal zerbitzu publiko hau «hobetzea eta eraginkorrago bihurtzea» du helburutzat udalak.

PARTE HARTZE PROZESUA

Lehenengo fasea: apirila - ekaina

Helburua. Amasa-Villabonako ikastetxeetako 12 eta 17 urte arteko nerabe eta gazteen beharrak eta nahiak identifikatzea.

Metodologia. Herriko ikastetxeekin lankidetzan, galdetegi eta dinamiken bidez nerabe guztien iritziak jasoko dira, bai gaztelekuko erabiltzaileenak eta baita gaztelekuko jarduna ezagutzen ez dutenenak ere. Gurasoen artean ere galdetegi bat banatuko da.

Bigarren fasea: iraila - abendua

Helburua. Amasa-Villabonako 9 eta 11 urte bitarteko nerabeek, LHko 4. mailatik 6. mailara bitarteko gaztetxoek dituzten beharrak identifikatzea.

Metodologia. Herriko ikastetxeekin elkarlanean, adinari egokitutako mugimendu dinamikak eta ahozko elkarrizketak egingo dira. Gurasoen iritzi eta hausnarketak jasoko dira, beraiek zein haien seme-alabek izan ditzaketen beharrak identifikatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!