Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak batzarra egingo du ostegunean

Ataria 2021eko maiatzaren 25a

Berpiztu kanpainaren barruan janari bilketa herrikoia egin zen iazko ekainean

Pobrezia egoeran edota bazterketa arriskuan dauden herritarrei laguntzeko 2020an sortutako Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak batzar ireki berri bat egingo du ostegunean, udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan.

Azken hilabeteetan Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin elkarlanean egindako lanen berri emango da batzar horretan eta ZU-BI izeneko elkartasun dinamika berriaren proposamena aurkeztuko da. Dinamika solidario honen bidez, zailtasun ekonomikoak dituzten familietako haur eta gaztetxoei aukera berriak eskaini nahi zaizkie herriko jardueretan parte hartzeko eta arrazoi ekonomikoengatik garatu nahiko lituzketen kirol, kultur edota aisialdiko jarduerei uko egin behar ez izateko.  

Amasa-Villabonako udalak ere, batzarrean parte hartu eta Elkartasun Sarearen lana babesteko deia luzatu die herritarrei. Maiatzaren 27an izango da, osteguna, 19:00etatik aurrera Villabonako udaletxeko batzar aretoan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!