Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak egingo dituzte ekainaren 4an Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 19a, 15:00

Soinu artxiboen egitasmo eta esperientziak partekatzeko gunea sortuko dute Villabonako Subijana etxean, ekainaren 4ean, 10:00etatik 14:00etara. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da.

Iazko etenaren ondotik, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak egingo dira aurten berriro ere. Dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren jardunaldiok, eta aurtengoan, soinu artxiboen egitasmo eta esperientziak partekatuko dituzte.

Soinuzko dokumentazioaren ezaugarrietan begirada jarri eta audio fitxategien bilketa, antolaketa eta zabalkundearen inguruan izandako esperientziak eta kezkak plazaratu nahi ditu Xenpelar Dokumentazio Zentroak jardunaldiekin. "Soinu bildumek helburu eta funtzio desberdinak dituzte baliatzen diren esparruaren arabera, eta horregatik, gaiari hainbat ertzetatik begiratzea ahalbidetuko duten hizlariak gonbidatu ditugu", esan dute zentrotik.

Batetik, Euskadi Irratiko fonotekari buruz ariko dira Iñigo Ceberio eta Irati Etxezabal; bestetik, Euskal Herri Hizkeren Atlasa aurkeztuko dute Euskaltzaindiko Adolfo Arejitak eta Amaia Jauregizarrek; Jon Eskisabalek Badok Euskal Musikaren Ataria aurkeztuko du ondoren; eta segidan sortzaileen eta ikertzaileen esperientzien berri emango dute Xabier Erkiziak eta Marie Bidart-Hirigoyenek.

Ekainaren 4an izango da hitzordua, ostiralez, 10:00etatik 14:00etara. Amasa-Villabonako Subijana etxean jarraitu ahal izango dira jardunaldiok presentzialki, baina baita etxetik ere. Modu baterako zein besterako izena eman behar da eta horretarako Mintzola Ahozko Lantegiaren webgunera jo beharko da. Dokumentazio alorreko profesionalek ez ezik, gaian interesa duen edonork eman dezake izena.

Zazpigarren edizioa dute jardunaldiek. Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatu ditu, Bertsozale Elkartea eta Mintzola Ahozko Lantegia tartean, eta ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea eta Badok Euskal Musikaren Ataria dira laguntzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!