Amasa-Villabonara lanera etorritakoak omenduko dituzte kontzertu batean

Ataria 2021eko maiatzaren 14a

Amasa-Villabonako Berdintasun sailak antolatu du 'Canciones de aquel otro lado del charco' izenburua daraman kontzertua. Lanera etortzeko itsasoa zeharkatu behar izan duten guztiak omenduko dituzte emanaldiarekin.

Amasa-Villabonako Gurea antzokian izango da kontzertua, larunbatean 18:00etatik aurrera. Bertan, Fabiana Boer (ahotsa eta bonbo legüero) eta Leandro Yaku (gitarra) musikariek Argentinako folklore garaikide eta tradizionalean zehar ibilbidea eskainiko dute. Boer eta Yakuren emanaldiaren aurretik, Marijo eta Alex billabonatarrek hainbat abesti eskainiko dituzte.

 

Canciones de aquel otro lado del charco izenburua eramango du larunbateko kontzertuak. Musika emanaldi honekin, Amasa-Villabonara lanera etortzeko itsasoa zeharkatu behar izan duten guztiak omendu nahi ditu udalak. "Gure herriak aurrera egin dezan, ahalegin eta dedikazio handiz lan egin duten herritar hauek merezi duten omenaldia eskaintzera animatzen ditugu amasar eta billabonatarrak", esan dute udal ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!