Hamarretik seiri hika gehiago hitz egitea gustatuko litzaieke

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 13a, 07:58

Amasa-Villabonan hitanoaren egoeraren azterketa egin dute eta galdetegiari erantzun dioten herritarren %72ak hitanoa bultzatzearen aldeko jarrera du

Amasa-Villabonan hitanoaren egoeraren azterketa egin dute. Galdetegi bidezko ikerketa kuantitatiboa izan da eta emaitzak aurkeztu berri dituzte. Ondorio garbia atera dute: azken 30 urteetan Amasa-Villabonan euskararen ezagutza eta erabilera gorabehera gutxirekin mantendu bada ere, hitanoak indarra galdu du erregistro neutro edo zukaren mesedetan.

Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak Azpeitian soziolinguistika ikuspegitik hitanoari buruz egindako lana ezagutu zuten, duela bi urte, Uxoa Elustondo Arzallusek eta Ainara Ansa Irazustak, eta Amasa-Villabonan antzeko lan bat egiteko asmoari heldu zioten. Azpeitian zabaldu zuten galdetegia herrira egokitzen eta moldatzen urtebete eman ondoren jo zuten udalera laguntza eske. «Ikuspegi teknikotik Aztikerren laguntza izan dugu eta horrek dakarren gastua estaltzen lagundu digu udalak. Dena den, horrelako azterketen aurrekontuaren zatirik handiena landa lana izaten da eta hori guk geuk geuregan hartu dugu. Iruditzen zitzaigun gertutasun horrekin irabazi egiten zuela azterketak, eta buruhausteak eman dizkigun arren, oso prozesu aberasgarria izan da guretzat ere», aipatu du Ansak.

Joan den urteko azaroan banatu zuten galdetegia herritarren artean eta uste baino erantzun hobea jaso zutela aipatu du Elustondok. Guztira 504 herritarrek erantzun zioten galdetegiari. «Aztikerrekoek esan ziguten ikerketa baliagarria izan zedin, gutxienez 360 herritarrek parte hartu behar zutela, hori zela gutxieneko lagina. Asko poztu ginen kopuru hori gainditu genuela ikusi genuenean».

Udaberrian jaso zituzten Amasa-Villabonan hitanoaren egoeraren azterketaren emaitzak eta aste honetan aurkeztu dituzte jendaurrean. Interesa duenak udaleko euskara zerbitzuan eska dezake txosten mardula, ikerketa kuantitatiboaren emaitza guztiak biltzen dituena.

Amasa-Villabonan hitanoa erabiltzen duenaren profilaren berri eman du Elustondok: «Oro har, adin batetik gorako gizonezkoa izaten da hika hitz egiten duena, normalean bere adinkideekin aritzen da, eta haiek ere gehienetan gizonezkoak izaten dira». Azken hamarkadetan euskararen bilakaera eta hitanoarena ez dira paraleloak izan eta ikerketak frogatu ahal izan du 55 urtetik beherakoan artean, zuka dela nagusi Amasa-Villabonan.

Bilakaera horren atzean maila indibidual, mikro-sozial eta makro-sozialean dauden faktoreak nabarmendu ditu Ansak. Azterketak eman du ezagutzera, baserrian bizi edo familia baserri mundukoa duten herritarrek erabiltzen dutela gehien hitanoa. Honenbestez, gehiago dira egunerokoan hika entzuten duten amasarrak%16,3, billabonatarrak %6,3baino. Dimentsio indibidualean ere jarri du arreta Ansak: «Erregistroa menperatzen ez dugulako, ingurukoek hika hitz egiten ez dakitelako edo lotsa sentitzen dugulako asko gara atzera egiten dugunak».

TRANSMISIOAN ETENA

Eremu formalean, nagusiki, euskararen erregistro neutro edo zukaren transmisioa eman da eta inkestatuen %65 baino gehiagok aitortu du familia edo lagunartean baino ez dutela izan hitanoarekin kontaktua. Bilakaera datuetan izan den beherakada ikusita, Elustondo kezkatuta agertu da etxeko transmisioan eman den etenarekin: «Galera indartsua da emakumezkoak tarteko dauden ekintza komunikatiboetan, bereziki emakumeen arteko elkarrizketetan. Semeari hiru aldiz errazago hitz egingo dio emakume batek hika, alabari baino». Joera horrek noka aritzeko ohitura desagerrarazi egin du ia Amasa-Villabonan.

Azken urteetan egin dira saiotxoak eskualdean nokaren erabilera bultzatzeko. Azterketa honen atzean egon diren herritarren ustetan, gisa honetako ekintza gehiago bultzatu beharko lirateke herrian. Ikastaroak, mintzalagun programak edota hikaldiak aipatu dituzte, besteak beste. «Transmisio galera hori oraindik ere handiagoa izan ez dadin, ni pertsonalki gehiago saiatuko nintzateke oinarri bat ematen. Hitanoa ezagutzen ez dutenentzat bitartekoak sortuko nituzke eta ikasmateriala sortu, adibidez, eskoletan landu dezaten. Alde batetik baliabideak emango nituzke hitanoa presente egiteko, eta bestetik, espazioak sortu konplexurik gabe hika hitz egiteko», esan du Elustondok.

Aukeren artean ikerketa kualitatibo bat edo hitanoaren kale erabilera neurketa bat egitea ere proposatu dute bi herritarrek. Datuak patxadaz aztertu ondoren zehaztuko dituzte hurrengo urratsak. Modu guztietara, argi printzak badaudela esan du Ansak: «Galdetegia betetzerakoan jendeak nabarmendu digu ekimenaren beharra eta ikusi dugu badagoela gogoa hitanoa bultzatzeko. %72ko aldeko jarrera azaldu digu eta aldi berean belaunaldi berriei hitanoa erakusteko proposamena egiten dute gehienek. Hika gehiago hitz egingo lukeela esan digu %61ek eta horietako asko gazteak dira. Belaunaldi gazteagoek gutxiago erabiltzen dute hitanoa, baina haien artean galtzen doa hizketa molde honen konnotazio negatiboa, erregistro informala aberasteko tresna bezala ikusten dute». Hitanoak bizirauteko erronka handia duela nabarmendu dute Elustondok eta Ansak, baina jarrera aldaketa horrek aukera berriak zabaltzen dituela uste dute. «Bazegon zer egina», esan diote elkarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!