Harremanen dimentsio pedagogikoa

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 12a, 19:59

Esti Amenabarro Iraola billabonatarrak 'Irakasleen arteko harreman pedagogikoak eskola testuinguruan: DBHko ikastegi baten kasu analisia' tesia defendatu berri du

Asko aztertu da irakasle eta ikasleen arteko harremanaz, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan batek nola irakatsi eta besteak nola ikasten duen. Arreta gutxi jarri zaio, ordea, eskolaren testuinguruan irakasleen arteko harremanari. Esti Amenabarro Iraolak (Amasa-Villabona, 1974) hezkuntzako profesionalen artean sortzen diren harremanek eskolako gainerako prozesuetan zein eragin duten aztertu nahi izan du bere doktorego tesian.

Hipotesi bat izan du abiapuntu gisa EHUko irakasle eta ikertzaile billabonatarrak: «Harreman on, sano eta ongizatean oinarritutakoek azkartu egiten dituzte eskolan gertatzen diren gainerako prozesuak eta guri, batez ere, berrikuntza eta eskola aldaketa interesatzen zaizkigu. Kontrara, harremanak hotzak, zailak, konplikatuak eta toxikoak badira, galga dakarkie halako prozesuei». Horregatik defendatzen du Amenabarrok arreta jarri behar zaiela irakasleen arteko harremanei. «Orain arte gutxi ikertu den kontu bat da, are gutxiago euskarazko komunitate zientifikoan».

Ikerketa egiteko metodologia kualitatiboa erabili du Amenabarrok. «Hezkuntzaren alorrean gabiltzanok badakigu maiz hitz egiten dela irakasleez, baina gehienetan irakasleek esateko dutena entzun gabe. Argi neukan lan hau irakasleekin batera egin nahi nuela, protagonistei hitza emanda. Horregatik lan hau kolektibotzat jotzen dut, nik ez dut ezer asmatu beharrik izan. Irakasleen iritzi, pentsamendu, subjektibitate eta eguneroko praktikatik abiatu naiz eta egunero eskolan egiten duten horren errelatoa sortu dut».

Hain zuzen, irakasletzaren aldeko «alegatu» bezala definitu du Amenabarrok lana eta aipatu du subjektibitate hori izan dela oinarri teoriko gisa hartu duena: «Irakaskuntza/ikaskuntza prozesu horretan agente ezinbestekoa da irakaslea. Aldi berean irakaslea pertsona da eta sentitzen du, pentsatzen du eta ekiten du subjektibitate horren barruan». Ikertzailearen ustetan, harreman sarea edozein erakundetan oinarri oinarrian dagoen elementua izanik, harreman horien analisiak presente egon behar du balio inklusiboetan aurrera egin nahi bada. Tesian bestetasunaren pedagogian sakondu du: «Hezkuntza ezer baldin bada, harremana da. Bestearekin elkartzeko gune esanguratsua da eta bertan jatorri, identitate, uste eta iritzi ezberdinak dituzten pertsonekin egingo dugu topo. Guztiak barnebilduko dituen espazioa sortu nahi bada, nahitaez begiratu beharko zaie harremanei».

Pedagogia kritikoaren balioetan oinarritu da tesia egiterako garaian, Amenabarrok uste baitu irakaslea ez dela bakarrik eduki batzuk irakasten dituen pertsona, hortik harago, gizarte eraldaketan lagundu behar duela defendatzen du: «Gaur egungo gizarte zaurgarri eta aldakor honetan egiteko inportantea du, eta beraz, irakaslearen identitate hori nola eraiki den, zein formazio jaso duen, zein esperientzia pilatu dituen aztertzea ezinbestekoa da».

IRAKASLEENTZAT ARNASA

DBHko ikastegi baten kasu analisia jaso du Amenabarrok tesian. Donostiako Lauaizeta BHI ikastetxe publikoko 26 eta 57 urte arteko 15 irakaslek hartu dute parte ikerketan. Parte hartzaileen funtzio, ardura eta betekizunaren aniztasuna nabarmendu du ikertzaileak. Guztira 49 ordutik gora jaso ditu audioan eta 120 argazki eta irudiz osatutako biltegia atxiki dizkio lanari. «Bi urte inguruko prozesua izan da eta hasieratik oso harrera ona egin zidaten. Irakasleak oso ohituta daude didaktika eta irakaskuntzako eremu formalez hitz egitera. Burokrazia eta eskola antolakuntzaz barra-barra hitz egiten dute, baina agian ez daude eskolan dituzten harremanen inguruan hitz egitera hain ohituta. Beraientzat ariketa terapeutikoa izan da zentzu batean».

Ikerketarako teknika gisa elkarrizketak baliatu ditu ikertzaileak eta baita irudien elizitazioa bezalako teknika berritzaileagoak ere. «Irakasleek haien arteko harremanen inguruan pentsatzeko eta elkarrizketa sustatzeko irudiek bideratzaile lana egiten dute eta irakasleek bizi dutena errepresentatu egiten dute. Argazki bat kontakizun bihurtzen denean, beste teknika batzuen bidez lortzen zailak diren ideiak, emozioak eta esperientziak jasotzen ditu ikertzaileak».

Eta datuak bildu ondoren, Amenabarrok berretsi egin du irakaslearen dimentsio pedagogikoaren garrantzia: «Irakasleak eduki batzuen transmisio hutsa egiteaz gainera, jakintza esparru formaletik harago beste estrategia pedagogiko batzuk landu behar ditu, batez ere, bigarren hezkuntzan aritzen diren gaztetxoen adinari erreparatuz gero. Hor hutsune nabarmena eta ezintasuna sumatu dut irakasleen artean. Gatazken kudeaketan, alde emozionalean edota elkarbizitzarekin zerikusia duten gaietan ez dira ahaldunduta sentitzen eta bere ikasgelaren bakardadean gotortzeko arriskua dute». Bigarren hezkuntzak duen garrantzia ikusita etapa horri arreta jartzeko eskatzen du tesian.

Eskola testuinguruan harremanak askotarikoak dira eta konplexuak kudeatzen. Horregatik defendatzen du Amenabarrok pertsonen arteko harreman pedagogikoak erdigunean jarri behar direla. «Aldiro ikuskizun dagoen eremu bat da eta ez zaio behar bezalako arreta jartzen. Hezkuntza administrazioek eta bestelako eragileek finkatzen dituzten eskakizunek askotan zaildu egiten dute irakasleen arteko harremana. Irakasleak eragile aktibo izan daitezen irakaskuntza/ikaskuntza prozesuan haien agentzia aitortu eta sustatu behar da; irakaslearen esperientzia eta praktika zehatzak esangura eta balioz hornitu behar dira», dio Amenabarrok.

Nagusiki, harremanak zaindu eta elikatu ahal izateko, «patxada» eskatu du irakasleentzat: «Presioa eta zama kendu behar zaizkie. Ari naiz burokraziaz eta maiz eskolak eta berezko didaktikak jartzen dituen funtzio hertsiegiez. Espazio eta denbora behar dute irakasleek beste irakasleekin egoteko eta lasaitasunez aritzeko. Gaur egun antolakuntzan hartzen diren zenbait erabakik muga jartzen diete harreman horiei; ordutegiek, edo espazioen antolakuntzak, esate baterako».

Besteak beste, feminismoak azken urteetan garatu duen zaintzaren kontzeptuan jarri du arreta Amenabarrok. «Harremanei arreta jartze hutsa baino zerbait gehiago da. Ari naiz besteak ulertu eta onartzeaz, hori baita bestearekin lan egin ahal izateko ezinbesteko baldintza. Eskola aldaketa eta berrikuntza denboran egonkortu nahi badira, azaleko aldaketez harago, eremu sinbolikoetan erreparatu beharko da eta mekanismo sozial eta afektiboak aktibatu beharko dira bestelako harreman ereduak gauzatzeko. Eskola zaintza gune izatea nahi badugu, kudeaketa horizontal eta demokratikoago baten bidean urratsak eman beharko ditugu. Horrek eredu partekatua eskatzen du».

EUSKARAZ EGINDAKO TESI BERRITZAILEA

Apirilaren 15ean defendatu zuen Esti Amenabarrok tesia EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean. Eskola, Hizkuntza eta Gizartea Doktorego Programaren barruan egin du tesia eta euskaraz irakurri du epaimahaiaren aurrean. Kalifikazio gorena lortu du: bikain cum laude.

Tesi zuzendari izan ditu Javier Monzon eta Nere Amenabar EHUko irakasleak. «Oso eskertuta» agertu da tesia idazteko prozesuan emandako laguntzagatik. Gaur egun Didaktika eta Eskola Antolakuntza sailean irakasle dabil Amenabarro eta hainbat ikastetxetan ikerketa egiten dabil, berrikuntza eta aldaketa prozesuak aurrera eramateko oinarriak eskaintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!