Gaztelekuari buruzko hausnarketa prozesu parte hartzailea abiatu da

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 13a, 07:57

Hamar urte pasa dira Katea Etxea Gaztelekuaren zerbitzua martxan jarri zenetik, eta udalak gazteriari zuzendutako zerbitzu publiko honen jarduera hobetu eta zabaltzeko helburua duen prozesu bat martxan jartzea erabaki du.

Aurten amaituko da Gaztelekuaren kudeaketa garatzeko zerbitzu kontratua eta Amasa-Villabonako udal ordezkariek uste dute momentu egokia dela orain arteko ibilbidea aztertu, eta, aurrerantzean zerbitzu hau hobetzeko prozesu bat martxan jartzeko. Prozesu honekin, gazteen iritzi eta beharrak zeintzuk diren identifikatu nahi dituzte, ondoren eskaintzen den zerbitzuari buruzko hausnarketa egin eta kontratu berrian aldaketak txertatzeko.

 

Bi fasetan gauzatuko da

 

Prozesua gidatuko duen lantaldea eratu da: lantalde hori Aitziber Murua udaleko gazteria teknikaria, Amagoia Agirre hezkuntza zinegotzia, Gorka Kamio gazteria zinegotzia eta Maitane Bravo eta Garikoitz Iturbe gaztelekuko hezitzaileek osatzen dute.

 

Prozesu honek 2 fase izango ditu. Lehenengoa apirila eta ekaina bitartean gauzatuko da eta Amasa-Villabonako ikastetxeetako 12 eta 17 urte bitarteko nerabe eta gazteen beharrak eta nahiak identifikatzen saiatuko dira.Herriko ikastetxeekin lankidetzan garatuko dute eta galdetegi eta dinamiken bidez nerabe guztien iritziak jasoko dira, bai gaztelekuko erabiltzaileak direnenak eta baita gaztelekuko jarduna ezagutzen ez dutenenak ere.

 

Bigarren fasea, berriz, iraila eta abendua bitartean egingo da. 9 eta 11 urte bitarteko nerabeek (LH 4/5/6) dituzten beharrak identifikatzea izango da helburua, ikastetxeekin elkarlanean: adinari egokituriko mugimenduzko dinamikak eta ahozko elkarrizketak erabiliko dira. Gaztelekuarekin lan-harremana duten eragileetako (Kale Hezitzaileak eta Gizarte Zerbitzuak) profesionalekin lanketa ere egingo da eta nerabeek izan ditzaketen gabezi edo beharren inguruko iritzi kualifikatuak jasoko dira. Amaitzeko, gurasoen parte hartzea ere bermatuko da eta 9 eta 17 urte bitartekoen gurasoen iritzi edo hausnarketak jasoko dira, beraiek zein haien seme-alabek herriarekiko izan ditzaketen beharrak identifikatzeko.

 

Prozesu parte hartzaile hau amaitzen denean, lantaldeak bere ondorioak edo interpretazioak aterako ditu eta publikoki jakinaraziko ditu. Udalaren helburua interesa dutenei entzunez eta iritziak kontuan hartuz, gazte eta nerabeei zuzendutako udal zerbitzu publikoa "hobetzea eta eraginkorragoa" bilakatzea da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!