Amaia Agirrek irabazi du I. Señora sariketa

Ataria 2021eko maiatzaren 10a

Argazkia: Ane Zuazubiskar

Larunbatean Lesakako Arrano tabernako terrazan ospatu zen finala eta billabonatarrak jantzi zuen 'pamela', Onintza Enbeitarekin buruz-burukoa jokatu ondoren.

Emakume bertsolarien ahalduntzean sakondu, harremanak sendotu eta elkarrekin kantatzeko gunea izan da aurten lehen aldiz antolatu duten Señora sariketa.

Bi kanporaketa ospatu dira, apirilaren 17an Aramaion eta apirilaren 24an Mutrikun. Bi saio horietatik Haizea Arana Cardenal, Miren Artetxe Sarasola, Paula Amilburu Izargarai eta Saioa Alkaiza Guallar sailkatu ziren aurreko larunbatean Lesakan ospatutako finalera. Antolatzaileek "ohorezko señora" izateagatik Onintza Enbeita Maguregi eta Amaia Agirre Arrastoa bertsolariak gehitu ditu aurten txapelketara, finaleko seikotea osatzeko.

Maila handiko saioa izan zen hasieratik eta bertaratutako entzuleek bertsoaz eta giroaz gozatzeko parada ezin hobea izan zuten. Hain zuzen, ohorezko bi señorek, Enbeitak eta Agirrek lortu zuten larunbatean buruz-burukora salto egitea. Billabonatarrak lortu zuen garaipena azkenean, 'pamela' eskualdera ekarriz.

Lesakako Estitxu Arozenak jantzi zion 'pamela' txapeldunari eta sari emate ekitaldian izan ziren, besteak beste, Rosi Lazkano, Maialen Lujanbio eta Kristina Mardaras.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!