Udaleku irekiak egingo dituzte uztailaren 1etik 21era

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 10a, 11:50

Interesa duten HH2 eta LH4 arteko umeek izena eman dezakete maiatzaren 17tik 26ra.

Amasa-Villabonako Udaleko Gazteria sailak udaleku irekiak antolatu ditu uztailaren 1etik 21era bitartean, HH2 eta LH4 arteko umeentzat. Astelehenetik ostiralera, 09:30ean egingo dute hitzordua, eta, eguerdiko 13:00ak arte egitarau desberdinak izango dituzte egunero. HH2 urtekoek ordu erdiko malgutasuna izango dute bai sartzerako garaian eta baita ateratzerakoan ere.

Amasa-Villabonan erroldatutako haurrek dute udaleku irekietan izena emateko lehentasuna, dena den, plazak baino haur gehiagok emango balute izena, zozketa bidez erabakiko da zeinek hartuko duen parte. Aldiz, Amasa-Villabonan erroldatuta ez dauden haurrekin itxaron zerrenda bat sortuko da, eta, plaza libreak geratuz gero, udaleku irekietan parte hartzeko aukera izango dute.

Amasa-Villabonan erroldatuta dauden haurrek 83,20 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren neba-arrebatik aurrerakoek 43, 69 euro. Bestetik, Amasa-Villabonan ez erroldatuek 124,81 euroko kuota ordaindu beharko dute, eta bigarren neba-arrebatik aurrerakoek 65,52 euro. Udalerrian erroldatutakoek eta lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez diren bizikidetza unitateko kideek %90eko hobaria izango dute.

Haur txokoa

Haur txoko zerbitzua ere izango da 08:00etatik 09:30etara. Hemen ere, plazak baino haur gehiagok emango balute izena, zozketa bidez erabakiko dira parte hartzaileak. Zerbitzu honetaz baliatu nahi duten Amasa-Villabonako haurrek 20,23 euro ordaindu beharko dituzte, eta, bigarren neba-arrebatik gorakoek 13,15 euro. Herrian ez erroldatuek ordaindu beharrekoa, berriz, 29,34 euro haur bakoitzeko, eta bigarren neba-arrebatik aurrerakoek, 18,21 euro izango da.

Udaleku irekietan izena emateko interesa dutenek, maiatzaren 17tik 26ra izango dute aukera: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ). Arratsaldeko ordutegia nahiago dutenentzat, astelehenetik ostiralera, Villabonako Gaztelekuan izango dute aukera, 16:00etatik 18:00etara. Izen emateko orria eta Gizarte Segurantzako haurraren txartel indibidualaren fotokopia aurkeztu beharko dira izena ematerakoan.

Urtero bezala, aurten ere udalekuak hasi baino lehen, gurasoekin bilera egingo da eta programa aurkeztuko da. Ekainaren 24an izango da bilera hori, Gurea antzokian, 17:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!