Antton Telleriak Malkar aisialdi taldekoen galderak erantzun ditu

Ataria 2021eko maiatzaren 8a

Sormenetik Gurera izeneko egitasmoaren lehen saioa egin dute goizean, Villabonan; elkarrizketa arin eta freskoa egin diote umoregile tolosarrari.

Galtzaundi Euskara Taldeak sustatuta Sormenetik Gurera izeneko egitasmoari hasiera eman diote, goizean, Villabonako Errebote plazan. Lehenengo hitzordu horretarako Antton Telleria komunikatzaile, kazetari eta umoregile tolosarra gonbidatu dute, eta elkarrizketa arin eta freskoa egin diote. Nagore Arin kazetaria aritu da dinamizatzaile lanetan, baina, gaurkoan, Telleriaz gain, beste protagonistak Malkar astialdi taldeko kideak izan dira, haiek izan baitute ekitaldia osatzeko ardura. Besteak beste, Irene Hernida, Haizea Esnaola, Sara Almorza eta Nora Kamio izan dira mikrofonoa hartu eta Telleria elkarrizketatzen aritu direnak.

Ezohiko elkarrizketa egin diote, ez nolanahikoa. Lau zatitan banatu dute, batetik, giroan sartzeko, galdera biografikoak egin dizkiote; ondoren, gaur egungo proiektuen inguruan galdegin die; hirugarren zatian umoreak leku gehiago izan du, eta galdera deserosoen eta irudi batzuen txanda izan da; eta azkenik, challenge dibertigarri bat egin dute, eta aurpegi ezagunen inguruan hainbat iritzi eman behar izan ditu tolosarrak. 

Saio berritzailea, Villabonan ikusi ahal izan dena. Orain arte, Tolosako Azokaren testuinguruan antolatzen ziren Sormenetik saioak, Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatuz. Orain, egitasmoaren aldaera landu du Galtzaundik, eta eskualdeko nerabeekin batera, nerabeentzat bideratutako saioak antolatuko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!