Koronabirusa

COVID-19ari aurre egiteko inbertsioak diruz lagunduko ditu udalak

Ataria 2021ko mai. 7a, 17:00

Eskaerak maiatzaren 11tik 24ra egin beharko dira Herritarren Arreta Zerbitzuan.

COVID-19ak eragindako osasun larrialdiari aurre egiteko hainbat segurtasun neurri hartu behar izan dituzte herriko merkatari eta ostalariek, eta, inbertsio horiek diruz lagunduko ditu Amasa-Villabonako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean. Gauzak horrela, 13.762 euro bideratuko dira herriko ostalari eta merkatarientzat. Eskaerak maiatzaren 11tik 24ra egin beharko dira Herritarren Arreta Zerbitzuan.

Herriko dendari eta ostalariek, COVID-19ak exijitzen dituen segurtasun eta osasun protokoloak bete ahal izateko, lokalak eta lan egiteko moduak egokitu behar izan dituzte, horretarako hainbat inbertsio eginez. Gastu horiek arintzera datoz ez-ohiko diru laguntza hauek. Langile eta bezeroen babes eta segurtasunerako ekipamendu bereziak eskuratzeko eta lokala egokitzeko inbertsioak lagunduko dira dirutan. Ez, ordea, musuko, gel eta antzekoetan egindako gastuak.

Programa honen diru laguntzen onuradunak beren kontura lanean diharduten pertsonak edo autonomoak, eta, Amasa-Villabonako enpresak edo elkarteak izan daitezke, beti ere, baldintza hauek betetzen badituzte: Villabonan kokatutako establezimendua edukitzea; Villabonako Udalarekin zorrik ez edukitzea; Villabonan kokatutako establezimenduaren jarduera nagusia publikoa bertatik bertara artatzekoa izatea; eta COVID-19 pandemiagatik publikoa artatzearekin lotutako zerbitzua emateko higiene edo eta babes neurri berriak ezarri behar izatea.

Diruz lagunduko dira inbertsioak eta ekipamenduak, baita inbertsioak gauzatzeko azterketak ere, jarduera ekonomikoak COVID-19ari aurre egiteko prestatzera bideratuak badaude. Besteak beste, honako hauek izango dira: Lokalak eta laneko moduak egokitzea; Segurtasun eta osasunaren irizpideak/protokoloak betetze aldera, merkataritza edo ostalaritza lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua; Laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendu erosketak.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2020ko martxoaren 14tik eskaera aurkeztu bitarte egindakoak izango dira (fakturaren data hartuko da kontuan). Programa honek diruz lagun daitekeen gastuaren %100 finantzatuko du, eta, gehienez ere, 1.500 euro establezimendu bakoitzeko. Establezimendu bakoitzari diru laguntza bakarra emango zaio. Egindako eskaera guztiei %100ean erantzuteko finantzazioa nahikoa ez badago, diru laguntzak onartutako gastuaren araberako proportzioan murriztuko dira, eskaera guztiei erantzun ahal izateko.

Eskaerak udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (udaletxeko behe solairuan) aurkeztu beharko dira. Eskaera orriak establezimenduaren titularrak edo legezko ordezkariak aurkeztu beharko ditu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!