Behar Zana elkarteak Euskal Pilota Campusa antolatu du

Ataria 2021eko maiatzaren 6a

Ekainaren 28tik uztailaren 9ra egingo da, eta ordutegia 09:00etatik 13:00etara izango da. Beste kirolek ez bezala, pilotak ez duela campus moduko jarduerarik eta horregatik antolatu dutela azaldu du Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak. Neskei zein mutilei zuzendutakoa izango da.

Bi aukera izango dira campusean parte hartzeko. Batetik, Esku Pilota Campusa egingo da, teknifikazio maila landuz. Bertan 2005-2006, 2007-2008 eta 2009-2010 urte bitarteko gaztetxoek parte hartu ahalko dute. Modalitate honetan pilotan dabiltzanak sartu ahalko dira. Izen ematearen kuota 200 eurotakoa izango da, 180 euro Behar Zanako pilotariek. 

Bestetik, Euskal Pilota Campusa deritzona egingo da, eta bertan parte hartu ahalko dute 2009-2010, 2011-2012 eta 2013-2014 urteetan jaiotakoak. Bertan pilota jolasak egingo dira eta pilota modalitate ezberdinak ezagutuko dituzte: pala, pasaka, errebotea, joko garbia, esku pilota... Bestetik, eskulanak egin eta txangoak ere izango dira. 

Hiru teknikari eta arduradun izango ditu campusak: Asier Arteaga pilotari profesionala, Iñaki Lizaso Behar Zanako pilotaria eta heziketa fisikoko irakaslea, eta Jonpe Artetxe Intza taldeko pilotaria eta heziketa fisikoko irakaslea. Izen ematea maiatzaren 16an bukatzen da eta 600 375 352 zenbakian edo beharzanapelota@gmail.com helbidera idatziz egin daiteke. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!