Sormenetik Gurera ekimenaren lehen saioan, Antton Telleria

Ataria 2021eko maiatzaren 6a

Errebote plazan izango da larunbatean, 11:30ean; Nagore Arin kazetaria eta Malkar aisialdi taldeko gazteekin izango da.

Galtzaundi Euskara Taldeak sustatuta Sormenetik Gurera izeneko egitasmoa jarri da martxan. Orain arte, Tolosako Azokaren testuinguruan antolatzen ziren Sormenetik saioak, Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatuz. Orain, egitasmoaren aldaera landu du Galtzaundik, eta eskualdeko nerabeekin batera, nerabeentzat bideratutako saioak antolatuko dira. Lehenengo hitzordua Villabonan izango da, larunbat honetan, eta Antton Telleria komunikatzaile, kazetari eta umoregile tolosarra izango da elkarrizketatua, 11:30etik aurrera, Errebote plazan.

Sormenetik Gurera-ren Villabonako saioa Malkar aisialdi taldearekin elkarlanean antolatu dute. Gainera, Malkarreko gaztetxoak eta Nagore Arin kazetari billabonatarra izango dira Telleria elkarrizketatuko dutenak. Elkarrizketa «arin eta fresko» horretan, galdera biografikoak, gaur egungo jardunari lotuak, galdera deserosoak eta challenge dibertigarri bat ere egingo dute. Malkar taldeko kideek hartu dituzte ekitaldia osatzeko ardurak, hala nola, elkarrizketa antolatu, beharrezko materialak zerrendatu eta saioari forma ematea, eta Villabonako Udalaren laguntzari esker antolatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!