Parte hartze teknikari postua sortzeko eskatu du PSE-EEk

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 5a, 11:44

Amasa-Villabonako Udalak sustatu ditzakeen etorkizuneko parte hartze prozesuen "egonkortasuna" bermatuko luke teknikariak, PSE-EEren esanetan.

Udal kudeaketarako tresna nagusia izan behar du parte hartzeak, Amasa-Villabonako PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arijaren ustetan. Udal politiken diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan herritarren parte hartzearen alde apustua egitearen alde hitz egin du. Norabide horretan kokatu du Villabonako udal altxortegiko gerakineko 400.000 euro herritarren eskura jartzeko martxan jarri den parte hartze prozesua, zeina herri kontsulta batekin amaituko den.

Udal gobernuak parte hartze prozesu hori dinamizatzeko Emun kooperatiba kontratatu du, publikoki aitortu duenez lan hori egiteko giza baliabide gehiago behar delako eta udal langileek ezin dutelako bere gain hartu. Arijak ez du begi onez ikusten kontratazioa eta horregatik parte hartze gaiez arduratzeko udal teknikari plaza bat sortzea proposatu du.

"Beharrezkoa da kudeaketa publiko bat eta etorkizuneko parte hartze prozesuak egonkortzeko baliabideak edukitzea. Efizienteagoa izango da herritarren parte hartzea teknikari bat kontratatuz gero", esan du zinegotzi sozialistak. Udal arlo guztietan herritarren ekarpenei "bultzada" emango lieke, Arijaren ustez, udal teknikari bat egoteak. "Zertarako bestela Pare Hartzea arautzeko ordenantza, ez badago araudi hori garatzeko giza baliabiderik?".

Azkenik, Arijak esan du PSE-EErentzat herritarren parte hartzea "funtsezkoa" dela, eta gogorarazi du 2010. urtean Gipuzkoan partaidetzari buruzko lehen foru araua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik etorri zela eta PSE-EEren konpromisoa izan zuela. "Ziur gaude herritarrek ez dutela lau urtean behin botoa ematera mugatu behar. Politikan duten inplikazioa aktiboagoa eta aberasgarriagoa izan daiteke. Parte hartze politikoaren eremua zabaldu behar dugu, demokraziaren eremua, guztion neurrira egindako etorkizuna eraikiz", ondorioztatu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!