Parte hartze prozesu bat jarriko dute martxan Amasa-Villabonan

Ataria 2021ko api. 29a, 07:57

Aurtengo aurrekontuko 400.000 euro zertan inbertitu erabaki ahal izango dute herritarrek; azaroan herri galdeketa bat egin asmo dute, prozesua ixteko

Asteartean egindako osoko bilkuran Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez berretsi zuen aurrez Herritarren parte hartze batzordean adostutako erabakia: udalak 400.000 euro bideratuko ditu amasarrek eta billabonatarrek proposatu eta bozkatutako proiektuetara. Hori erabakitzeko partaidetza prozesua jarriko da martxan eta alderdi guztien artean lortu den «kontsentsu politikoa» nabarmendu du Xabat Laborde alkateordeak: «Erabaki garrantzitsua da hau eta pozik gaude adostasun politikoarekin abiatuko delako prozesua. Lan emankorra izatea espero dugu».

Iaz otsaila eta martxoa artean abiatutako herritarren parte hartze prozesua behin behinean bertan behera utzi behar izan zuten COVID-19ak sortutako osasun larrialdiagatik. Aurten berreskuratu dute egitasmoa eta hurrengo hilabeteetan egoerak hobera egin eta prozesua bururaino eraman ahal izatea espero dute udal ordezkariek. «Nahiz eta iazko urtea gogorra izan, 2020ko aurrekontuaren likidazioa egin ondoren, udalaren altxortegiko gerakinean diru kopuru nahikoa dagoela ikusi dugu, eta iaz pentsatuta geneukan bezala, 400.000 euro jarriko ditugu, BEZa barne, herritarren erabakiaren esku», esan du Labordek.

Udalean eratuta dagoen Herritarren parte hartze batzordeak finkatuko ditu prozesuaren nondik norakoak. «Batzorde hori izango da organo erabakitzailea eta bertan erabakiko dira prozesuaren ezaugarriak, beti ere, Amasa-Villabonako Udalak 2014an onartutako Herritarren parte hartzeari buruzko araudia jarraituz».

Udalak berak dituen bitartekoekin horrelako dimentsioa duen parte hartze prozesu bat aurrera eramatea «oso zaila» dela irizten diote udal ordezkariek eta horregatik Herritarren parte hartze batzordean erabaki dute kanpo aholkularitza eta laguntza zerbitzu bat kontratatzea. Emun kooperatibak aurkeztutako proposamena onartu du udalak eta haiek gidatuko dute parte hartze prozesua.

Fase ezberdinetan gauzatuko da. Maiatzaren 1etik ekainaren 15era Amasa-Villabonan erroldatuta dagoen edozein bizilagunek proposamena egin ahal izango du, norbanako bezala edo talde edo elkarteren baten ordezkari moduan. Egindako proposamena ahalik eta zehatzena izatea eskatu dute udaletik eta proposamenarekin batera aurrekontu bat luzatzea. «Bideragarria izan beharko du egitasmoak, egun indarrean dauden araudiak bete beharko ditu eta ez du 400.000 euro baino aurrekontu handiagoa izango». Udalak inprimaki bat osatu du, telematikoki edo Herritarren Arreta Zerbitzuan presentzialki, proposamenak aurkezteko.

Behin aurkeztutako guztiak bilduta ekaina eta uztaila bitartean horien bideragarritasun ekonomiko eta teknikoa aztertuko du udalak, dagokion teknikarien iritziak bilduta. Behin azterketa horien emaitzak eskuartean dituztela, Herritarren parte hartze batzordeko kideek erabakiko dute horietako zeintzuk pasako diren hurrengo fasera. Uztaila amaitzerako herritarrei bozkatzeko aurkeztuko zaizkien egitasmoen behin betiko zerrenda osatuta egotea espero dute arduradunek.

GALDEKETA AZARO AMAIERAN

Amasa-Villabonako herritarrek proposatutako proiektuen artean erabaki beharko dute udazkenean, herri galdeketa baten bitartez. Horretarako egitasmo bakoitzaren inguruko informazioa zabalduko du udalak ohiko bideak erabilita eta aldizkari berezi bat argitaratuta. Herritarrek informazio «objektibo, garden eta ulerterraza» jasotzea da helburua, udal ordezkarien esanetan. Azaroaren 1etik 15era bozkatzeko aukeren artean egongo diren proiektu guztiekin erakusketa bat antolatuko du udalak, jendeak asmo bakoitzaren xehetasunak bertatik bertara kontsultatu ditzan.

Parte hartze prozesua amaitzeko herri galdeketa bat antolatuko dute. Data zehatzik eman ez duten arren, azaro amaieran izango dela aurreikusi dute. Aurrez, galdeketan parte hartzeko informazio praktikoa emango zaie herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!