Maitane Perezek egingo du egonaldia Amasa-Villabonan

Ataria 2021eko apirilaren 28a

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarekin egingo du egonaldia sortzaile nafarrak.

Geuretik Sortuak proiektua jarri du martxan Udalbiltzak, Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak. Euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan.

Denera, 26 udalerri eta beste hainbeste sortzaile hautatu dituzte: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia. Euskal kulturgintzako izen ezagunak dira horietako batzuk; izen berriak edota horren ezagunak ez direnak, beste batzuk. Amasa-Villabonako Udalak ere parte hartu du ekimenean eta Udalbiltzak jakinarazi duenez,  Maitane Perez idazle eta aktore iruindarrak egingo du egonaldia herrian. Hiru astera bitarteko egonaldian, literatur lan bat sortzea izango du helburu. Udalak «poztasuna» adierazi du kultur sortzailea euren artean edukiko dutelako eta udal ordezkariek esan dute berekin batera prozesu «aberasgarri eta emankor» bat garatzeko gogoz daudela.

Sortutako kultur lan horiek erakusteko, gerora, Udalbiltzak  zirkuitu bat osatuko du egonaldia egin duten herri horietan guztietan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!