Erasotzaileak munstro gisa irudikatzen ditugu, aldez aurreko asmoarekin, harrapakin bila irteten diren harrapari biolento gisa. Eta noski, gure inguruan eraso bat gertatzen denean kosta egiten zaigu indarkeriatzat identifikatzea, erasotzailea ez datorrelako bat irudi horrekin; are, erasotzailea maite dugun norbait delako; baita gure bikotea ere, batzuetan. Estatistiken arabera, emakumeen ehuneko handi batek izan ditu sexu harremanak bere bikotearekin gogorik ez zuela, bikotea behin eta berriz eskean zuelako edota xantaia emozionala baliatu duelako; eta duela gutxi Varelak Pikara aldizkarian argitaratu bezala, emakume ugarik jasan du uzkiko sarketa bere gogoaren aurka, gizon batekin izandako sexu harremanean (gogora dezagun Azken Tangoa Parisen film ezagunak eszena biolento hori erotikotzat saldu zigula). Ez da urte asko, sarketan zehar emakumeari jakinarazi gabe kondoia erretiratzea sexu erasotzat jaso zela, legez.
Hortaz, erasoak ez dira hain errazak identifikatzen. Aurrekoak hiru adibide baino ez dira. Esan nahi da, normalizatutako hainbat praktika sexu-erasoak direla. Mugimendu feministei esker azken urteotan kontsentimendua behar dela barneratu dugu, kontsentsua dela abiapuntua, alegia. Baina dagoeneko ari dira ohartarazten kontsentsua ez dela aski; desirak egon behar duela bi aldeetan (binakako harremanen kasuan). Eta desira ez da elkarrekin sexu-harremanak izateko gogoa, praktika bakoitzak behar du partaide guztiek desiratua. Azken batean, ez gara oinarrizko errespetuaz baino ari.
Mugimendu feministei esker azken urteotan kontsentimendua behar dela barneratu dugu, kontsentsua dela abiapuntua, alegia. Baina dagoeneko ari dira ohartarazten kontsentsua ez dela aski; desirak egon behar duela bi aldeetan (binakako harremanen kasuan). Eta desira ez da elkarrekin sexu-harremanak izateko gogoa, praktika bakoitzak behar du partaide guztiek desiratua. Azken batean, ez gara oinarrizko errespetuaz baino ari.
Gauza da, ez dugula gutxitan aditu «larrua jo dut» lorpen gisa, edo «larrua jo diot» ohikoa, edo «zulatu dut» esamoldea, ohe-kidea objektu pasiboa bailitzan. Gauza da, parrandatan ikusten ditugula gure lagunak astun jartzen, deseroso sentitu denak nola bidali ez dakien bitartean; eta askotan, ez diegula esan jarrera hori lekuz kanpo dagoela. Edo gure ohe-kideekin deseroso sentitu garenetan, askotan ez dugula ausardiarik bildu ahoz gora adierazteko (batzuetan identifikatzeko ezgai izan garelako, negarguratik eta biriketako korapilo horretatik kanpo).
Beraz sinesten dizut, eraso egin zaituztela eta bazuetan ez duzula «EZ» ahoskatzeko indarrik bildu, blokeo baten preso (egitura oso bat daukazulako aurre eginez gero zer gerta litekeen gogoratzen, salatuz gero ze estigma ekarri ohi duen ohartarazten). Eta txalotzen zaitut, erasoa geratzeko edo ondoren salatzeko ausardia izan baduzu. Edozein kasutan babesten zaitut.
Sinetsiko dizut ez zarela egin duzun erasoaz jabetu, zuretzat normala den moduan jardun zarelako eta orain arte inguruak txalotu egin dizulako jarduteko modu hori (horrek ez zaitu eraso horren arduraz libratzen). Sinetsiko dizut harridura, larridura. Sinetsi nahi dut erasoaren kontzientzia izan bazenu ez zenukeela egingo, ez zela zure asmoa.
Sinesten dizut zure inguruan ere gertagarri ikusi zenuela, horrelako jarrerak hedatuta daudelako eta ez dakizula nola geratu gurpila. Sinesten dizut eraso baten berri jasotzean mintzen zarela, baina harritu… ez hainbeste. Sinesten dizut lotsatu egin zarela, gerta zitekeela jakin arren ez duzulako saihesteko ezer egin.
Egin dezagun ariketa praktiko bat: erasoen berri jakitean zure inguruko jendearekin nor epaitzen duzu, salatu dutena ala salaketa egin duena? Noren bizitza aztertu dute zure azken elkarrizketek? Noren sare sozialak miatu dituzue eta noren argazkiak jaso dituzu Whatsapp taldean? Konponbidearen alde ari ez bazara, arazoa hauspotzen ari zara.